Abuztuaren 1etik 29ra, Donostiako 86. Musika Hamabostaldiak berriz erakutsiko du publiko ororentzat zuzeneko musika eta dantza hiriko areto, kultur gune eta beste toki nagusietara, baita Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko beste hainbat herritara ere eramateko grina. Jaialdia iristearekin, Donostian, eta baita haratago ere, abuztua musika klasikoaren hilabetea da, dantzarena, eta askotariko ikuskizunena: mundu mailako orkestra nagusiak gurean entzuteko aukera ematen digutenak eta baita bitxienak ere; kalitate oneneko kulturaz zuzenean gozatzeko abagunea da, azken finean. 70 hitzordu inguru izango dira eta katalogo zabala zein askotarikoa osatuko dute, bakoitzak bere Hamabostaldia diseina dezan. Hamabostaldiarekin, entzun, a zer plana!
Jarraian, Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian izango diren kontzertu eta ikuskizunen berri emango dugu, Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena eta Soshostakovichen heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena gogora ekarriko dituen edizioaren bizkarrezur izango direnak. Otsailean iragarri genuen bezala, Isabel Herguerak egindako kartela izango da aurtengo jaialdiaren irudia.
Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloa
Salbuespen gisa, zikloa dantza ikuskizun batek irekiko du oraingoan (abuztuaren 1a): “Requiem(s), Angelin Preljocajen ekoizpen estreinatu berriak bizitzaren miraria ospatzen du, baita requiem edo dolu uneetan ere. Bertan, hileta-musikaren konnotazio emozionalak aztertzen dira, Mozart, Ligeti, Bach, Messiaen, Haas, Jóhannsson edo Erdi Aroko kantuen musika oinarri hartuta. Requiem(s) ikuskizunak samurtasunez aztertzen ditu maite dugun pertsona baten galerarekin lotutako emozio konplexu eta intimoak, bizi-erritu bat ere izan daitekeen larritasun-une bat, une partekatuen ospakizun bat. Koreografoak -bere hainbat lagun min eta familiako kideen heriotzak markatua- obra «tribal» bat ontzea erabaki du; horretan taldea bat eginda mantentzen da desagertzearen ideiaren aurrean […].” Laura Cappelle (The New York Times-eko dantza kritikoa). Muntaiak oso estetika zaindua du, frantziar koreografo ospetsuaren lan orok bezala, eta 2024an Parisko Philharmonie-n egindako estreinaldian bi aste luzez bete zuen aretoa. Preljocaj Balleta Hamabostaldira itzuliko da horrela, 2023an “Beltxargen aintzira” ikuskizunarekin izandako arrakastaren ondoren.
Jarraian, Orchestra de la Comunitat Valenciana – Palau de les Arts, Lorin Maazelek sortua eta Zubin Mehtak babestutakoa, lehen aldiz izango da jaialdian. Bere zuzendari titular berria den Mark Elderren agindupean, berariaz diseinatutako bi programa eskainiko ditu: abuztuaren 3an, Tchaikovskiren Piano eta orkestrarako 1. kontzertua, egungo panoramako interprete handienetako bat den Nelson Goerner pianista argentinarrarekin, eta Shostakovichen sinfonien artean ezagunena den 5. Sinfonia. Eta Hurrengo egunean, abuztuaren 4an, Donostiako Orfeoia eta Federica Lombardi sopranoak, Xabier Anduaga tenorrak, Will Thomas baxuak eta oraindik zehazteke dauden beste batzuek osatutako bakarlari taldea ariko dira orkestrarekin batera. Rossiniren Stabat Mater interpretatuko dute, gurutzearen oinean dagoen Ama Birjinaren sufrimenduari buruzko meditazioa, errepertorioko obra koral garrantzitsuenetako bat dena eta Valentziako orkestrak arlo lirikoan egiten duen lana azaleratuko duena, bere ezaugarri nabarmenetako bat; partiturak laukote bakarlari nabarmen bat eskatzen du eta tenorrak garrantzi berezia du. Kontzertua Beethovenen 2. Sinfoniak irekiko du, konpositoreak bere ekoizpen sinfonikoan norabide berri bat hasi izana erakusten duena.
Abuztuaren 9a mugarria izango da Hamabostaldiaren historian, Guridiren Amaya opera kontzertu bertsioan berreskuratuko baita. Gasteizko musikagile emankorraren lan garrantzitsuenetako bat da, kutsu historikoa duen euskarazko opera eta kutsu wagneriarra duena. Guridik bere sormenaren gorenean, 1920an estreinatu zuen. Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII lanean oinarrituta, XX. mendeko euskal musikaren klasiko bat da jada. Diego Martin-Etxebarriaren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak, Easo Abesbatzak eta Arantza Ezenarro (Amaya), Gillen Munguía (Teodosio), Marife Nogales (Amagoya), Lucía Gómez (Plácida / Olalla), Juan Laborería (Asier Certifica / Ermitaño) eta José Manuel Díaz (Miguel / Mensajero / Caballero) bakarlariek interpretatuko dute lan hau.
Abuztuaren 20an, Hamabostaldiak Broadwayra, musikalen muinera begiratuko du, West Side Storyren kontzertu-bertsioarekin, Bernsteinen obrarik ezagunena eta gaur egun musikalik ezagunena dena. XX. mende erdialdeko New Yorkeko Romeo eta Julieta moduko bat, film bihutu zuten 1961ean Robert Wise eta Jerome Robbinsek, eta 2021ean Steven Spielbergek. Autoreak zera zioen partituraren inguruan: “operaren eta Broadwayren arteko lerro estutik ibili behar du”, eta hala izan da: bai antzerki musikalek, bai operakoek programatzen dute, XX. mendeko obra liriko ezagunenetako eta hobekien idatzietako bat delako. Miren Urbieta-Vega donostiarrak debuta egingo du Mariaren paperean; berarekin batera, Caspar Singh (Tony), Henry Neill (Riff), Nerea Berrando (Anita), etab. arituko dira bakarlari. Orkestrari dagokionez, Euskadiko Orkestrak jardungo du eta Easo Abesbatzak pasarte koralak interpretatuko ditu; guztiak, Clark Rundell zuzendari britainiarraren zuzendaritzapean. Zuzendari horren lanak XVIII. mendeko musikatik gaur egungora hartzen du, genero ugari, klasikotik musikalera.
Abuztuaren 22an, Espainiako Orkestra Nazionalak, David Afkham zuzendari titular eta artistikoaren zuzendaritzapean, Hitzik gabeko eraztuna aurkeztuko du, Lorin Maazelek Wagnerren Nibelungoaren eraztuna tetralogia ospetsuari buruz egindako moldaketa. Laurogei minutuan, Maazelek Wagnerren ziklo handia osatzen duten lau operetako pasarterik gogoangarrienak bildu zituen orkestra-suite batean: Das Rheingold (Rhingo urrea), Die Walküre (Walkiria), Siegfried (Sigfrido) eta Götterdämmerung (Jainkoen gainbehera). Opera horien pasarte instrumental soilak, bizienak eta ikusgarrienak (guztira 15 ordu baino gehiagoko musika biltzen dutenak) maisutasunez aukeratuz, Wagnerren musika publiko zabalarengana hurbildu nahi da, operarekiko jakin-mina pizteko.
Abuztuaren 24an, Jordi Savallen itzulerak, interpretazio historizistaren figura ukaezina, jaialdiaren beste mugarrietako bat izango da. Kursaalera iritsiko da berak sortutako Le Concert des Nations talde instrumentalarekin eta La Capella Nacional de Catalunyarekin batera. Savallek kontzertu honetan Walpurgisen lehen gaua eta Mendelssohnen 3. Sinfonia “Eskoziarra” interpretatuko ditu; Savallen beraren hitzetan, “kontzertu honek, metaforikoki, baso hostotsu baten gerizpean kokatzen gaitu, natura basati eta boteretsuenaren erdian. Batetik, Eskoziako paisaia liluragarrietan eta bertako itsaslabar amaigabeetan inspiratutako musikaz gozatuko dugu; bestetik, Harz-eko mendi malkartsuetan (Alemaniako iparraldeko mendikate garaiena) gertatzen den druida eta espirituen istorio bat entzungo dugu. Gaztetako lanak dira, elkarrekin hobeto ulertzen diren partiturak, eta antzinako magiaz eta kondairez egindako iraganaz hitz egiten digute”. Walpurgisen lehen gaua Goetheren poema batean oinarritzen da, pagano talde batek udaberriaren eta eguraldi onaren etorrera erritual sakratu batekin nola ospatu nahi duen azaltzen duena; eta 3. Sinfonia konpositoreak Eskozian zehar egindako lehen bidaian du jatorria. Nabarmentzekoa da, betiere klasikaren esparruko artisten eta erakundeen lana sustatzean eta laguntzean zentratutako Hamabostaldiaren babespean, Savall, Le Concert des Nations eta La Cappella Nacional de Catalunyak Gasteizen astebeteko egonaldi batean prestatuko dutela programa. Kursaaleko kontzertuaren ostean, urrian Parisko Philharmonie-n eta Bartzelonako L’Auditori-n interpretatuko dute.
Orchestre de l’Opéra National de Paris delakoak, Thomas Adès zuzendari eta konpositorearen gidaritzapean (abuztuaren 27an), Ravelen hiru obra azpimarragarrienetako hiru eskainiko ditu jaio zela 150 urte betetzen direnean: Le Tombeau de Couperin, Ezker eskurako kontzertua, Donostiako publikoak ondo ezagutzen duena, eta La Valse. Gainera, Ravelen pianorako kontzertuaren eta bere pianorako kontzertuaren arteko kontrastearekin jokatuko du Thomas Adèsek; izan ere, bere modernitate minimalistarekin, ez hain abangoardistarekin eta ikusgarritasun izugarriarekin, pianorako kontzertu nabarmenetako bat bihurtu da mende honetan. Biak Kirill Gernsteinek interpretatuko ditu, ikerlari nekaezina da, pianista, irakasle edo kolaboratzaile artistiko gisa; errepertorio zabal batean zehar egindako ikerketei esker -suite barrokoak, kontzertu klasikoak, sorkuntza garaikideak, jazza eta kabareta- harremanak estutu ditu orkestra, zuzendari, instrumentista, abeslari, konpositore, jaialdi, diskoetxe eta abarrekin. The Observer britainiarrak zera dio: «Hau da musika klasikoa bizirik mantentzen duen musika mota serioa, argia eta birtuosoa».
Aurtengo edizioko beste une gogoangarri bat Leipzigeko Gewandhausorchester historikoaren lehen bisita izango da, zalantzarik gabe. 1743an sortua, munduko orkestra zibilik zaharrena da, mundu mailako erakundea izateaz gain. Mozart, Brahms edo Mendelssohnek zuzendu dute, besteak beste, bere soinua eta kalitatea oso ezagunak dira, eta gaur egun sasoi bete betean dago. Andris Nelsonsen zuzendaritzapean dator, 2018tik Gewandhausorchesterreko Gewandhauskapellmeister dena, eta 2014tik Boston Symphony Orchestrako musika-zuzendaria. Beti ere bakarlari handienekin batera, abuztuaren 28an, Hillary Hahn biolinista ospetsuarekin batera ariko da; Hamabostaldira bueltan, Dvoraken Biolin eta orkestrarako kontzertua la minorrean interpretatuko du; Pärt eta Sibeliusen obrek osatuko dute egitaraua.
Eta abuztuaren 29an, Leipzigeko Gewandhausorchesterrek emango dio amaiera jaialdiaren 86. edizioari, Donostiako Orfeoiarekin eta lied-ean eskarmentu handidun bi bakarlari gailenekin batera, Julia Kleiter eta Christian Gerhahe. Kontzertu gogoangarria izango da, zalantzarik gabe. Orkestra zuzendu eta konposatu zuten bi konpositore handiren obrak interpretatuko dituzte: Leipzigen jaiotako Mendelssohnen 5. Sinfonia, “Erreforma”, eta Brahmsen Requiem alemana. Requiem hau, Hamabostaldian gehien interpretatu direnetako bat da, Verdi eta Mozartenarekin batera; izaera luteranoko pieza bat da, soilagoa, publikoarentzat ulerterraza den testu ederra duena; edukiari dagokionez, hainbat alemaniar autorek heriotzari buruz egindako gogoetak jasotzen ditu; abesbatzak pisu handia du horretan, hasieratik 5. mugimendua Brahmsen ekoizpen osoko zatirik ederrenetako bat da. Nahiz eta obra hau programaren pieza bakartzat jo ohi den, oraingoan, programatzeko ofizioan duen trebetasunaren erakusgarri, Andris Nelsons-ek Mendelssohn-en 5. Sinfonia, “Erreforma”, gehitu dio egitarauari, Eliza Katolikoaren eta Luteranaren arteko hausturaren hirugarren mendeurrena ospatzeko.
Victoria Eugenia Antzokia
Antzokiak 4 ikuskizun nabarmen hartuko ditu: 2023ko Dantza Sari Nazionaldun Rafaela Carrascoren flamenko ikuskizun bat; Xabier Anduaga eta Mitsuko Uchidaren errezital bana; eta Nizugu operaren estreinaldia, haur eta gazteentzat Hamabostaldiak sustatutako ekoizpen berria.
Nocturna. Arquitectura del insomnio (abuztuaren 5a). Rafaela Carrasco koreografo sarituak, Álvaro Tato poeta eta antzerkigilearekin batera, pertsonek gauaren munduarekin duten harremana aztertzen du, baita horren inspirazio-gaitasuna ere, Urrezko Mendeko egileen lanetan, hala nola Góngora, Lope de Vega, Juana Inés de la Cruz-en lanetan (horiek Aitana Sánchez-Gijón-en off ahotsean entzungo dira). Hori guztia Bach eta bezte hainbat egileren lanekin eta Gema Caballero flamenko-kantariaren zuzeneko ahotsarekin osatutako musikazko margo baten gainean. Hitzen eta gorputzen bidez, Nocturnak dantzan, musikan eta poesian oinarritutako esplorazio bat planteatzen du, gauak sortzen dituen arrazoi eta kontraesan handien inguruan, lo egiten duenaren, loezina bizi duenaren argitasun eta haluzinaziotik ikusita. Gaua aldatu, eraldatu, nahastu, mugitu egiten delako. Gaua mugimendu hutsa baita.
Abuztuaren 12an Xabier Anduagak jaialdiaren edizio honetan emango duen bigarren emanaldia izango da. Oraingo honetan, Maciej Pikulski pianistak lagunduta, azken hilabeteotan izandako arrakasta handien ondoren (berriki Vienan lortutakoaren antzera) aurkeztuko da bera entzuteko irrikitan dagoen bere hiriko publikoaren aurrean. Izan ere, oso urte gutxian Xabier Anduaga mundu mailan gehien eskatzen den eta ospe gehien duen tenorretako bat bihurtu da; kontuan hartuta non eta norekin aritu den, 29 urterekin, Anduaga nazioarteko proiekziorik handiena duen euskal operako abeslaria da dagoeneko. Bere seriotasuna, kalitatea eta konpromisoa, zalantzarik gabe, presente egongo dira lirikaren alorrean nazioarteko ospea eman dioten obra eta egileek osatutako programa honetan: opera eta bel cantoko errepertorioetan zehar egindako ibilbide arrakastatsuan, Verdi, Donizetti, Massenet eta Gounoden ariak interpretatuko ditu, baita Tosti, Bellini, Liszt eta Hahnen abestiak ere.
Abuztuaren 18an, Mitsuko Uchida, garai guztietako pianismoaren mitoa, Donostiara itzuliko da berriz ere, azken urteotan bertan bakarka zein duoan, edo Mahler Chamber Orchestraren buru gisa aritu ostean. Oraingoan, Kursaal Auditorioko agertokian aritu ordez, Victoria Eugenia Antzokikoan ariko da. Pianistak, ekialdeko kulturan ohikoak diren soiltasuna, dotorezia eta irmotasuna ezaugarri dituela, Beethovenek sinatutako hiru soinu monumentu jorratuko ditu. Bere 32 Sonatak pianorako errepertorioaren gailurtzat jotzen dira, bere eskakizun teknikoagatik eta estilo aniztasunagatik interpretea muturrera eramaten dutelako: eta Uchidak azken hirurak interpretatuko ditu (30, 31 eta 32. zkiak); izan ere, urteak daramatza Bonneko musikariaren errepertorioa lantzen eta, zalantzarik gabe, bere interpretazioa paregabea da.
Haurren Hamabostaldiaren ekitaldi nagusia Nizugu ekoizpen propioko haur-operaren erabateko estreinaldia izango da (abuztuaren 26a). Horrekin jarraipena ematen zaio Easo Abesbatzarekin hasitako lankidetzari, haur eta gazteentzako opera-ekoizpen berriak garatzeko, jasangarritasuna, gizarteratzea eta publiko gazteenaren artean zuzeneko musika sustatzea funtsezko elementu direla. David de Oliveiraren zuzendaritzapean, Iñaki Carcavillaren musikarekin eta Marta Garcíaren libretoarekin, argumentuak ikastetxea, lagunak, familia eta norbanakoa kokatzen ditu; haur opera berri honen jatorria ez da kasualitatea, nola pasatzen gara honetatik haratago? nola hitz egiten dugu? nola mugitzen gara, nola onartzen gaituzte? pertsona bera gara lekua aldatu arren? Bilatzeko eta galdetzeko balioko du opera honek. Emaus Gizarte Fundazioa eta IED Kunsthal Bilbao lankide dira egitasmo honetan.
Ziklo paraleloak
86. Musika Hamabostaldian ere ohiko gainerako zikloak izango dira: Antzinako Musika eta Ganbera Musika San Telmo Museoan; Organoa, Musika Garaikidea, Tabakalera Dantzan, Interprete Gazteak, Musika Aitzaki ziklo ibiltaria eta Haurren Hamabostaldia.
Programazio osoa datozen asteetan emango da ezagutzera.
Abonuak eta sarrerak
Zabalik dago Hamabostaldiaren Lagunek abonu eta sarrera solteak lehentasunez erosteko epea (apirilaren 8ra arte), beste hainbat abantaila baliatzeaz gain: deskontuak, lagunentzako ekimen esklusiboak eta abar.
Gainera, hala nahi duenak alta eman dezake Hamabostaldiaren Lagun gisa, jaialdiaren webgunean edo bulegoetan, lagunen abantailak baliatzeko: abonua erosteko aukera, sarrera solteak lehentasunez erosteko aukera publiko orokorrarekiko, deskontuak eta abar.
Sarrera solteen salmenta orokorra maiatzaren 21ean hasiko da.