Bilbao BBK Live jaialdian ohiko bihurtu den aperitifaren datak finkatu dira 2025. urte honetarako. Herrian eta Hirian jaialdiaren atarikoak Bizkaia osora zabalduko dira, inpaktua dakarren funtsezko ondasun den aldetik, proiektuak kulturarekin duen konpromisoa berretsita.
Kreatibo Industriak Fundazioak eta BBK Banku Fundazioak bat egitearen ondorioz sortu da Herrian ekimena, eta, Bilbao BBK Live jaialdiarekin batera, zuzeneko musika probintziako hainbat herritara eroateko erronkari eusten diote. Aurtengo edizioan, bi hitzordu izango ditugu, eta bi herri horietan kultura sustatzeko orain arte egin duten lan handiaren jarraipentzat joko ditugu: maiatzaren 17an Abanto Zierbenan eta maiatzaren 24an Zornotzan antolatutako ekitaldiak, betiere kohesioa eta eraldaketa lortzeko bitarteko izanik kultura. Bestalde, Hirian ekimenarekin, kultura eta aniztasuna Bilboko auzo batera hurbilduko dira ostera, eta aurten hiriburuan nortasun handieneko auzoetako baten txanda izango da ekainaren 7an: Abusu auzoa.
Maiatzaren 17an Abanto Zierbenan izango da lehen Herrian hitzordua, eta publiko guztientzat pentsatutako eguneko programazioaren barruan bi agertoki prestatuko dira herrian barrena, musika herriko kaleetako eguneroko bizitzarekin nahastuta. Bertan arituko diren artista aipagarrienak dira, besteak beste, Jimena Amarillo, pop emozional eta egunerokoaren erreferentea; Los Niños Jesús, Jordi Évole kazetaria buru den bertsio-banda; Ben Yart karismatikoa, rap musikaren ahots sailkaezinena; eta Confeti de Odio, beren pop malenkoniatsuarekin. Horiekin batera arituko dira, eguna osatzeko, Amatria, elektronika eta pop dantzagarriaren nahasketa bikainarekin; Galerna, rock alternatiboaren proposamen literarioa eginda; Aimarz, euskal new pop musikaren promesa gaztea; Amona Molona, ikuskizun ludiko eta transgenerazionalarekin; Las Petunias, ironia eta punk jarrera uztartzen dituen hirukotea; eta The Soulers, soul eta rock-and-roll klasikoa inspirazio-iturri dituen taldea. Doako emanaldi bikainak, gustu eta publiko guztientzako moduko erritmoekin.
Astebete geroago, maiatzaren 24an, Zornotzako kaleetara iritsiko da Herrian, herritar guztiengana iristea xede duten kultur proposamenak Bizkaia osoan barrena egiten dituen musika-ibilbide honetan. Eguna hasteko, Colectivo Da Silvaren festa-giro koloretsua izango dugu, eta andaluziar azentua duen pop ironikoaren maisuek lehen aldiz aurkeztuko dute Euskal Herrian disko berria. Horiekin batera, jada sendotu diren proiektuak aurkeztuko ditugu, hala nola Pauline en la Playa, pop intimo eta literarioa egiten duen asturiar bikotea; Los Deltonos, gaztelaniaz egindako rockaren mitoak; Leihotikan, euskal punk bortitzenaren erreferenteak; eta VVV [Trippin’ You], Estatuko postpunk elektronikoaren proposamen sendoenetako bat. Artisten zerrenda osatze aldera, egun horretan arituko diren artista berriak aipatuko ditugu: Marilia Monzón, fintasuna eta folklorea uztartzen dituena sustraidun kantugintza berrian; Rakky Ripper, gaztelaniazko hyperpoparen aitzindaria; S T R, elektronikaren eta punk jarreraren nahasketa biziarekin; eta Tiburona, garage rock zuzen eta sutsua egiten duen madrildar hirukotea.
Ekainaren 7an, larunbatarekin, Bilbao BBK Live jaialdiaren ohiko aperitif urbanoaren txanda izango da: Hirian. Bilbo Zaharra, Deustu, Santutxu, Basurtu eta Errekaldetik igaro ostean, oraingoan Abusura iritsiko da. Hirian ekimenari esker, auzoko kale eta plazak jai-giroan murgilduko dira egun batez, abangoardiako musika-programazio eklektikoa eskainita, gustu guztietarako modukoa eta doan. Edizio honetan arituko dira, besteak beste, Latinoamerikako pop elektronikoaren erreferente den Javiera Mena, eta soinu digitala belaunaldi oso baten sentsibilitatetik arakatzen duen Ultralágrima bikotea. Parquesvr, panorama alternatiboaren, punk rockaren eta performancearen munduan tartea egitea lortu duen taldea, zirkuituan ibilbide luzea duten musikariek osatuta; Airbag, Esteponatik datorren rock hirukotea, Estatuko power poparen erreferentzia; Los Bengala, garaje kutsuko urradurarekin eta energiaz beteriko jarrerarekin; Capsula a Ziggy Stardust taldearen omenaldia, Bowie-ren soinu-unibertsoa intentsitate biziko eszenaratzearen bitartez berreskuratzen duena; eta PI L.T., metal alternatibo euskaldunaren mito bizia, eszenatokiak berriro ere sutan jarriko dituena bere gar itzalezinarekin. Hirian programazioaren barruan, musika urbanoko ahotsen sorta ederra nabarmentzen da. Bloke honetan aipatzekoak dira Hens, Estatuko pop urbanoaren figura ezagunenetako bat, eta LaBlackie, etiketa guztiak gainditzen dituen proposamen gordin eta magnetikoa. Bakarkako ibilbideari ekin berritan, ILTZE 1 EPa aurkeztuko du Kilikik, elektronika eta nortasun propioa uztartzen dituen proposamena. Eta Greta, Bad Gyal eta Mushkaa-ren ahizpa txikia, bere bidea eraikitzen hasi eta goranzko bidean doa, sentsibilitatea eta jarrera bikaina nahastuta. Gainera, Michael Foster eta Ruiseñora artistek edizio honetako soinuen sorta zabalduko dute. Musika elektronikoaren agertokian, askotariko proposamenak izango dira, techno emozionalarekin hasi eta dantza esperimentalarekin bukatu: Puñales, Sunny Wright IV, Miravalles eta Lamia Mari.
Herrian eta Hirian jaialdiaren atariko ekimenak baino gehiago dira: sorkuntza artistikoaren eta Bizkaiko gizarte-ehunaren arteko lotura indartzen dute, kultura guztiontzat eskuragarri egon dadin sustatuta, mota eta adin guztietako publikoari zuzendutako eguneko programazioarekin. Esperientzia eraldatzaile izateko pentsatuta daude, jaialdiaren mugak gainditu eta aldaketa sozialaren katalizatzaile bihurtze aldera eta, horretarako, herritarren parte-hartzea sustatzeaz gain, herrietako komunitateetan eragin positiboa sortzen dute. Abanto Zierbenako, Zornotzako eta Bilboko Udalen babesari esker, Herrian eta Hirian ekimenen aurtengo edizioak hemen ditugu jada.
Bizkaiko kaleak musikaz blai egongo dira maiatzean eta ekainean, Bilbao BBK Live jaialdiaren atariko. Bestalde, jaialdia bera uztailaren 10ean, 11n eta 12an izango da Kobetamendin, eta eguneko sarrerak, bonuak eta kanpinerako txartelak salgai daude jada bilbaobbklive.com eta feverup.com webguneetan.
Abanto Zierbena
2025eko maiatzak 17, larunbata
AIMARZ / AMONA MOLONA / AMATRIA / BEN YART / CONFETI DE ODIO / GALERNA / JIMENA AMARILLO / LOS NIÑOS JESÚS / LAS PETUNIAS / THE SOULERS
Zornotza
2025eko maiatzak 24, larunbata
COLECTIVO DA SILVA / LOS DELTONOS / LEIHOTIKAN / MARILIA MONZÓN / PAULINE EN LA PLAYA / RAKKY RIPPER / S T R / TIBURONA / VVV [TRIPPIN’YOU]
Abusu, Bilbo
2025eko ekainak 7
AIRBAG / CAPSULA (ZIGGY STARDUST) / GRETA / HENS / JAVIERA MENA / KILIKI / LA BLACKIE / LAMIA MARI / LOS BENGALA / MICHAEL FOSTER / MIRAVALLES / PARQUESVR / PI L.T / PUÑALES / RUISEÑORA / SUNNY WRIGHT IV / SVSTO / ULTRALÁGRIMA
Bilbo
2025eko uztailak 10, 11 eta 12
Kobetamendi, Bilbo
2025eko uztailak 10, 11 eta 12