Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Hizkuntza gutxituetan idatzitako antzerki-testuak itzultzeko tailerra

abril 26 - abril 30

DoSEL (Drama of Smaller European Languages) proiektu europarra Bilbora iritsiko da eta Arriaga Antzokia bete-betean sartuko da proiektuan apirilaren 26tik 30era antzokian bertan antolatutako tailerrarekin. Tailerraren helburua hizkuntza gutxituetan idatzitako bi antzerki-testuren itzulpena amaitzea da, testu bakoitza bestearen hizkuntzara ekarriz; horrez gain, hizkuntza gutxitu batean idatzitako obra batek izan ditzakeen zailtasunen inguruko hausnarketa egin nahi da.

Horrela, tailerrean DoSEL proiektuan dauden Europako bi antzokik parte hartuko dute. Batetik, Arriaga Antzokiak, Eneko Sagardoy aktoreak idatzitako Moto-Membra Jesu Nostri produkzio propioaren euskarazko testuarekin, zeinarekin idazkuntza dramatikorako jauzia egin baitzuen aktoreak; edertasunez eta sentsibilitatez jositako testu bat da, eta laudorio handiak jaso zituen 2022an estreinatu zenean. Eta bestetik, Teatri Kombëtar i Kosovës (National Theatre of Kosovo – Kosovoko Antzoki Nazionala) antzokiak, zeinak albanieraz idatzitako obra bat ekarriko baitu tailerrera: Aventurat e familjes Bosh në UnmikistánJeton Neziraj egile kosovarrarena. Neziraj nazioartean prestigio handiko antzerkigilea da, Balkanetako onenen artean dute eta kritikak txalotutako obra ugari ditu. Tailerrean, beraz, euskarazko obra albanierara itzuliko da, eta alderantziz, antzerkiaren bidez kulturen arteko elkar-ulertzea sustatuz, hori baita, azken batean, DoSEL proiektuaren helburuetako bat.

Tailerra Arriaga Antzokiak antolatu du, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Euskal institutuak itzultzaileak bilatzen lagundu dio Arriaga Antzokiari, bai euskarazko obra albanierara ekartzeko, bai alderantzizko norabidea egin ahal izateko. Horrez gain, Irene Larraza zuzendariak mahai-inguru bat moderatuko du hilaren 29an, tailerraren jarduera paralelo gisa.

ERRONKA IDIOMATIKOAK 

Hizkuntza gutxitu batean idatzitako edozein antzerki-testuk duen zailtasun handietako bat da ezin dela zuzenean beste hizkuntza gutxitu batera itzuli. Horrela, eta adibide batzuk aipatzearren, ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez edo alemanez idatzitako edozein obra zuzenean itzul daiteke edozein hizkuntzara, edo edozein hizkuntzatik itzul daiteke hizkuntza global horietara; aitzitik, nekez lor daiteke hizkuntza gutxitu batetik zuzenean beste hizkuntza gutxitu batera itzultzea. Tailerrean landuko diren adibide errealetara ekarrita, oso zaila da euskara eta albaniera hitz egiten dituen pertsona bat aurkitzea, baina ia ezinezkoa da bi hizkuntzen artean itzultzeko gai den itzultzaile kualifikatu bat aurkitzea. Horrek behartu egiten gaitu hizkuntza global bat zubi gisa erabiltzera eta horrek, normalean, bi itzultzaile kontratatu behar izatea dakar; kostua handitu egiten da eta, beraz, zaildu egiten du hizkuntza gutxituko lan bat bere herrialde edo eskualdetik atera ahal izatea, horrek kultura homogeneizatzeari eta aniztasuna oztopatzeari dagokionez dakartzan ondorioekin. DoSEL proiektuaren asmoa, hain zuzen, halako errealitateei erreparatzea da.

Testu literario eta dramatikoen itzulpenean eskarmentu handia duten hiru itzultzaile ari dira parte hartzen apirilaren 26tik 30era Arriagan egingo den tailerrarekin amaituko den prozesuan. Moto-Membra jesu nostri euskaratik albanierara itzultzea arinagoa izan da, Eneko Sagardoy bera arduratu baita euskaratik gaztelaniarako jauzia egiteaz, eta, beraz, nahikoa izan baita itzultzaile bakarrarekin. Horrela, gaztelaniatik albanierarako itzulpenaz Bashkim Shehu idazle eta itzultzailea arduratzen ari da, eta harekin batera egingo du lan Sagardoyk tailerrean itzulpena doitzeko, haren inguruan eztabaidatzeko, amaitzen laguntzeko, etab. Aventurat e familjes Bosh në Unmikistán obra albanieratik euskarara itzultzeko prozesuan, aldiz, tailerrean Jeton Nezirajekin batera lanean arituko diren bi itzultzaileak ari dira parte hartzen: María Roces González da testua gaztelaniara ekarri duena eta Izaskun Gracia Quintanak gaztelaniatik euskarara ekarriko du.

Tailerrean zehar, Eneko Sagardoyk eta Jeton Nezirajek, hiru itzultzaileekin batera, gogoeta egingo dute prozesuan izan dituzten zailtasunei eta tailerrean bertan irtenbidea behar duten erronkei buruz. Erronka horietako batzuk jada aurreratu daitezke, hala nola hizkuntza batean konnotazio jakin batzuk dituzten esaldiak, esaerak edo esamoldeak beste hizkuntza batera eraman ahal izateko moduak, edo tartean zubi-hizkuntza bat dagoenean, hizkuntza batera baino gehiagotara eramateko moduak. Interesgarria izango da, halaber, ikustea nola bideratzen den testuen tonua hizkuntza bakoitzean, kontuan hartuta agertoki batean antzeztuak izateko helburuarekin sortzen diren antzerki-testuak direla. Horri dagokionez, segur aski, itzultzaileentzat oso aberasgarria eta interesgarria izango da edozein zalantza edo erabaki zuzenean egileekin kontrastatu ahal izatea, baita haiekin aukera posibleak eztabaidatu ahal izatea ere.

MAHAI-INGURUA ASTEARTEAN, 29AN

Hain zuzen ere, gai horiek jorratuko dituzte parte hartzaileek, berariaz eta iritzi gehiagori irekita, apirilaren 29rako «Testu dramatikoen itzulpenaren erronkak eta ikuspegiak» izenburupean antolatutako mahai-inguruan. Tailerraren jarduera paralelo horren moderatzailea Irene Larraza izango da, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, eta bertan izango dira parte hartzen duten bi egileak, Sagardoy eta Neziraj, eta hiru itzultzaileak. Horrez gain, ekarpen interesgarriekin aberasteko asmoz, Kirmen Uribek ere parte hartuko du, online, zoom bidez konektatuz, euskal egilearen literatura testuak gehien eta hizkuntza ugaritara itzuli direnen artean baitaude. Haiekin batera izango da ere Jure Novak antzerkigile eta zuzendari esloveniar prestigiotsua, zeina oso konprometituta baitago Europako hizkuntza gutxituen errealitatearekin. Izan ere, DoSEL proiektuaren bultzatzaileetako bat izan zen. Azkenik, DoSEL proiektuan dauden Europako beste antzoki batzuetako antzerkigile eta sortzaile batzuk online konektatzea ere aurreikusi da.

Gogorarazi behar dugu, Arriaga Antzokiarekin eta Kosovoko Antzoki Nazionalarekin batera, honako espazio kultural hauek parte hartzen dutela proiektuan: Presernovo gledalisce Kranj (Eslovenia), National Agency for the Performing Arts (Malta), Croatian National Theatre in Zagreb (Kroazia), Foundation Estonian Theatre Agency (Estonia), «Ivan Vazov» National Theatre (Bulgaria) eta Beckett aretoak (Katalunia).

Arriaga Antzokiak gogo handiz hartzen du parte proiektu honetan, zeinak Europako aniztasun kulturala sustatu nahi baitu, esperientziak trukatuz eta kontinente zaharreko beste antzoki batzuekin lankidetzan jardunez, horiek ere lurralde-eremu txikietako hizkuntzatan lan egiten baitute.

AMAIERAKO «OPARIA» 

Amaiera gisa, tailerrean parte hartzen duten guztiak Mari-Eliren estreinaldira joango dira, apirilaren 30an: Arriaga Antzokiaren produkzio berri bat da, zeinak Jesús Guridiren zarzuela ezezagun bat berreskuratzen baitu eta, partituraren edizio kritiko bat egin ondoren, oholtzara eramango baita, Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoarekin eta Jon Malaxetxebarriaren musika-zuzendaritzarekin.

Local

Arriaga Antzokia
Arriaga plaza, 1
Bilbao, Bizkaia 020 España