San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren 2025eko jaien programazioaren barruan.
Arabako jaietako ospakizun ospetsuenen aurretik izaten diren tradiziozko bi ekitaldi nabarmendu behar ditugu: erretreta eta danborrada.
Lehenengoa lehenagokoa da. Ez dakigu zehazki nondik datorren erretreta; batzuek Erdi Arokoa dela diote, eta beste batzuek, aldiz, Napoleonen garaikoa. Dirudienez, jaiegunen bezperetan harresiak itxiko zirela abisatzeko hainbat dei egiteko ohiturarekin dago lotuta. Behin baino gehiagotan errepikatzen ziren «jendeak ez zuelako etxera itzuli nahi izaten».
Zehaztu gabeko data batean galdu zen ohitura hori, eta 1879an berreskuratu zuten. Urte horretan, Done Bikendi parrokiako bederatziurrena amaitzean, Foru Aldundiko kideak Gasteizko udaletxera joan ziren segizioan, eta bertan San Prudentzioren omenezko jaiaren bezperan erretreta jotzeko ohitura berreskuratu zen.
1925an, erretreta bai udaletxean, bai Probintzia plazako jauregian jo zen lehen aldiz, eta, hala, gaur egunera arte iraun duen ohitura hasi zen: udal eta foru atabalariek eta tronpetariek, elkarrekin, bi erakundeen balkoi korrituetan jotzen dute, apirilaren 27an.
Alabaina, Plaza Berria edo Espainia plaza eta Probintzia plaza ez dira tradizio horren agertoki bakarrak izan. 1888an, Santa Maria plazan jo zuten erretreta.
Bigarren tradizioa, danborrada, 1975ean hasi zen. Tradizio hori Donostiako danborradan inspiratu zen. Donostiako danborrada urtarrilaren 20an egiten dute, Gipuzkoako hiriburuaren onomastika ospatzeko. Arabako danborrada apirilaren 27ko gauean egiten da, eta herritarrek erretreta jai ekitaldi batekin luzatzeko eta, horrela, San Prudentzio bezpera animatzeko nahiari erantzun zion haren sorrerak.
Bitxikeria gisa, 1956ko danborradaren aurrekari bat aipa dezakegu: Gargantuaren afaria izenaz iragarri zen kabalgata bat. Elkarte gastronomiko batzuek Arabako zazpi kuadrillen armarriekin desfilatu zuten, Gargantuaren aurretik. Jai giroko saiakera bakar horren ondoren, 1974ko urrira arte ez zen besterik izan. Urte hartan, hain zuzen ere, Ametza elkarteak eta beste elkarte batzuk, danborrada ofizial bat egitea proposatu zioten Foru Aldundiari. Aldundiak proposamena onartu zuen, eta duela 50 urte, sanprudentzioetako lehen danborrada egin zen, hamahiru elkarte gastronomikoren parte hartzearekin. Soilik 2 aldiz eten da. 1976an, martxoak 3ko gertakariengatik, eta 2020an, Covid19aren pandemiagatik.