Laudioko 2025eko Gardeako jaiak maiatzaren 2tik 4ra bitartean ospatuko dira.
Aurtengo egitarauak kirol ekintzak, bakarrizketak, puzgarriak, haurrentzako grafiti tailerra, buruhandiak… eta askoz gehiago bilduko ditu
Maiatzeko lehen asteburuan, 2tik 4ra zehazki, Laudiok Gardeako jaiak biziko ditu. Aurten jaietako lantaldeak diseinatutako egitaraua kirol ekintzak, bakarrizketak, puzgarriak, haurrentzako grafiti tailerra, buruhandiak… eta askoz gehiago bilduko ditu ostiraletik igandera bitartean.
Jaiari hasiera emango dion txupinazoa arratsaldeko 20:00etan izango da, baina 15:00etatik kirola protagonista izango da auzoan; padel eta bolo txapelketekin, eta rugby entrenamendu irekiarekin. Egun horretan ere auzokide eta bisitariek parrillada herrikoia izango dute aukeran, Arloteen musikaz girotua. Gauean musikak Gardeako toki guztiak hartuko ditu Gautegun Erromeriarekin (22:30) eta Pakitapenas DJ-arekin (1:30).
Hurrengo egunean, maiatzaren 3an, familiek eurentzako ekintzak izango dituzte (10:00etatik aurrera), herri bazkaria ospatuko da (14:00), Gardeako Kultura Guneak IV. Gardearte arte eszenikoen jaialdia hartuko du (19:30), eta Hotel Ruido taldeak kontzertua eskainiko du (22:00).
Igandean jaiak amaierari helduko diote Lankaietako Lagunen kalejirarekin, paella eta tortilla txapelketekin, eta Intxarkundia Dantza Taldearen emanaldiarekin.