Prototipoak Bilbao, Azkuna Zentroaren Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienala, elkargune bat da ikuspegi eta jatorri desberdinetatik kultura garaikidea esperimentatzeko beste modu batzuk proposatzen dituzten sortzaileentzat, artea zentzumen guztiekin ikusi eta bizitzeko forma desberdinak proposatzen dituzten horientzat, harremanak, ezagutzak, oroitzapenak eta bizipen partekatuak ehuntzea xede izanda.
Maiatzeko azken astean egoten da ikusgai, baina Prototipoak Bilbao hilabete batzuk lehenago hasten da. Proiektu batzuek bienalaren aurreko edizioan ere izaten dute sorburu, eta bitartean hazten, aldatzen eta egokitzen dira Azkuna Zentrora eta hirira. Era berean, bienal honetan abian jartzen dira datozen hilabeteetan jardunean egongo diren hainbat prozesu.
Proposamen gehienak site-specific-ak dira, eta haien bidez artistek publikoa gonbidatzen dute munduarekin eta naturarekin harreman sentikorra izatera, enpatiatik, harriduratik, jakin-minetik, arroztasunetik, urduritasunetik, desiratik, zentzumenetatik… abiatuta. Lanek arte-diziplinen mugak gainditu, hedatu eta lausotzen dituzte, ekintza performatiboen, antzerkiaren, argazkigintzaren eta arte bisualen bidez.
2025eko bienala artista hauen diziplina anitzeko proiektuak ditu: Luz Broto, hablarenarte & Christian Fernández Mirón, Orangconsong, Dimitri De Perrot, Ça Marche, Chiharu Shiota, Lore Stessel, Hanna Tuulikki eta Héctor Zamora artistenak.