Euskaltzaindiak Euskal Literatura Nafarroan (1975-2025). Sortzaileen begirada egitasmoa aurkeztu du.
Esan liteke diktadurak ekarritako giro itogarritik hona euskal literaturaren egoera zeharo aldatu dela. Gaur egun aise zenbatzen ahal dira ehun euskarazko literatur sortzaile baino gehiago Nafarroan (Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean), belaunaldi eta genero literario guztietakoak. Kalitatezkoak, ideologiaren eta bizibidearen aldetik anitzak, eta erabat homologagarriak mundu osoko idazleekin erkatuta.
Alabaina, aldatu al da euskal idazlearen estatusa Nafarroan? Gaur egun, zertan dira Nafarroako euskal idazleak? Zer bilakaera eduki du euskal literaturak Nafarroan azken 50 urteetan? Nafarroako gizarteak –gehienbat erdalduna–, ezagutzen al du aski errealitate hori? Euskarazko literatura landu eta sustatzeko egin den ahaleginak eduki al du behar adina oihartzun gizartean? Neurri batean, galdera horiei erantzutera datoz Iruñeko jardunaldiok.
Egitaraua
Maiatzaren 8an, Koldo Izagirreren hitzaldia izanen da Pinaquy aretoan (San Frantzisko 5), 18:30ean: Lurralde berri bat. Izagirrek joan diren 50 urteetan euskaraz argitaratu diren nobelen gaineko azterketa zabala eginen du, eta izan dituzten kritikak aztertuko ditu. Horiek horrela, kritikarien begietatik ikusita, nobelagintza horrek eduki dituen ezaugarriak eta dohain literarioak nabarmenduko ditu. Hitzaldia, gainerako ekitaldiak bezala, publikoari irekia izanen da, interpretaritza zerbitzuarekin.
Ostiralean, maiatzak 9 dituela, mahai-ingurua izango da Pinaquy aretoan, 18:30etik aurrera. Irati Jimenez idazleak gidatuko du, eta hiru belaunaldi desberdinetako idazleek parte-hartuko dute. Hain zuzen, Angel Errok, Aingeru Epaltzak eta Oihane Zuberoa Garmendiak.
Larunbatean, errezitaldia izanen da Kondestable Jauregian (Kale Nagusia, 2), 12etan: Lur bat zedarritzeko hitzak. Bertan, beraien poemak irakurriko dituzte Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinez Diaz de Ceriok. Errenazimentuko eta barrokoko musika egiten duen Danserie Ensemble taldeak girotuko du ekitaldia.