Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Erakusketa: Arte plastiko eta ikusizkoetarako laguntzak 2024

mayo 22 - septiembre 14

Iruñeko Ziudadelako Arma Aretoak maiatzaren 22tik irailaren 14ra bitartean hartuko du 2024ko Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntzen Programaren ekoizpen modalitatean garatutako proiektuen erakusketa.

Erakusketan Nafarroako zortzi artisten lanak biltzen dira: Iñigo Zubikoa, Oskia Paternain, Ignacio Navas, Javier Ozkoidi, Idoia Leache Olagüe, Iker Serrano Robles, Marisa Mantxola eta Mikel Usetxi. Guztiak izan dira aurten ekoizpen modalitatean hautatuak. Proiektuak ebaluazio batzorde baten bidez hautatuak izan dira eta honako hauek osatu dute: Celia Martín Larumbe, Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren izenean Museoen Ataleko burua; María Ptqk, komisarioa, kritikari eta kultura-ikertzailea; Mikel Onandia, irakaslea eta ikertzailea; Greta Alfaro, artista plastikoa eta Uharte Zentroko Patronatuko kidea; eta Oskia Ugarte, Uharte Zentroko zuzendaria, batzordeko idazkari gisa aritu dena, boza izan arren botorik gabe.

Erakusketa hau Uharte Zentroaren eta Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren, Museoen Zerbitzuaren bitartez, emandako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, komunitatean ikerketa, sorkuntza, hedapena eta ibilbide artistikoen sendotzea sustatzeko helburuz. Aurtengo edizioan, gainera, erakusketak Iruñeko Udaleko Kultura, Jaiak, Hezkuntza eta Kirol Arloaren lankidetza jaso du, eta horri esker garatu ahal izango da Ziudadelan.

Inaugurazioa 2025eko maiatzaren 22an, ostegunean, izango da, 19:00etan. Erakusketa zabalik dagoen bitartean, publiko desberdinei zuzendutako bisita gidatuak antolatuko dira, Uharte Zentroko hezkuntza-taldearen eskutik. Ordutegia honakoa izango da: astearteetatik larunbatetara 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jai egunetan, berriz, 11:30etik 13:30era. Astelehenetan itxita egongo da.

Aurten aurkezten diren proiektuek ikuspegi eta lengoai aniztasun handia biltzen dute. Idoia Leacheren Take me on proiektuak industria-prozesuetatik eratorritako objektuen aukerak estetikoak ikertzen ditu, hala nola ibilgailu-osagaiak edo aireztapen-hodiak, testuinguru berrian kokatuz irakurketa berriak eragiteko. Javier Ozkoidiren Rushes lanak aurreko proiektuetan sortutako hondakinak eta akatsak berrerabiltzen ditu, berrerabilpenaren ahalmen sortzaileaz eta metatutako esanahiez gogoeta egiteko. Ignacio Navasen Klickflip proiektuak bideojoko moduan aurkezten den argazki-sorta bat da, eta nerabe talde baten ikuspegitik Tudelako hiri-paisaia berreraikitzen du, eskola-porrota eta identitatea bezalako gaiak jorratuz. Iker Serranoren Latir vegetal proiektuan, artistak zuzeneko esku-hartzeak egiten ditu paisaia naturalean, eta gizakiaren eraginaren aurrean inguruneak nola erantzuten duen aztertzen du, landareen hizkuntza hobeto ulertzeko helburuarekin. Marisa Mantxola eta Mikel Usetxiren El Atractor. Propaganda luminosa proiektuak gaur egungo propagandaren mekanismoak aztertzen ditu eta manipulaziorik gabeko emozioan oinarritutako komunikazio-modu berriak proposatzen ditu, publizitatearen kode bisual klasikoak berrerabiliz. Azkenik, Oskia Paternain eta Iñigo Zubikoaren Re(konstruyendo) memorias proiektuak josteko makina batean du abiapuntua, sinbolismo handikoa eta carlismoarekin eta memoria historikoarekin lotua, eta emakume errepresaliatuen oroimena ikusarazteko soinu-instalazio bihurtzen da, justizia sinbolikoaren eta memoria kolektiboaren ekintza gisa.

Erakusketa-zikloan zehar argitalpen modalitatean hautatutako proiektuak ere aurkeztuko dira: Gorka Beunzaren Pegasoenea, Paula Eslavaren Una piedra cae en el aliviadero, Katixa Goldarazena Azpirotzen Imagen y hueso tiempo-párpado eta Lara Molinaren Erraiak__arte_kidetzak_afinidades.

Local

Uharteko Kultur Etxea
San Juan Enparantza, 1
Huarte/Uharte, Navarra 122 España