Bilboko Udalak antolatutako ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere urteroko deialdia zabalik mantentzen du, zinemagileek eta ekoizpen- eta banaketa-arloko profesionalek beren lanak azaroaren 21etik 28ra egingo den 67. edizioko lehiaketara aurkez ditzaten.
ZINEBIk, bere Sail Ofiziala-Film Laburren Nazioarteko Lehiaketarako, fikziozko, animaziozko eta dokumentaleko filmak onartzen ditu, gehienez ere 30 minutukoak eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitzitakoak.
Antolakuntzako arduradunak eta hautaketa batzordeko kideak datozen asteetan hasiko dira jasotako film laburrak ikusten. Deialdia ixteko hilabete pasatxo falta denean, ZINEBIk 4.000 film baino gehiago jaso ditu. Hori dela eta, antolatzaileek hilabete aurreratu behar izan dute izena emateko epea. Horrela, ekainaren 20ra arte egongo da zabalik.
Aurtengo edizioan ZINEBIk bere programazioa berregituratu du eta ez du opera primako film luzeen lehiaketarako (ZIFF – First Film) deialdirik egingo, ahaleginak film laburren lehiaketa indartzeko eta programazio-ildo berriak finkatzeko jarriz.
SARIAK
ZINEBI Sari Nagusia 7.000 eurotik 8.000 eurora igo da, 17 urtez eguneratu gabe egon ondoren. Euskal ekoizpenari lotutako sariak ere indartu dira Bertoko Begiradak sailean. Bertoko Begiradak atalak EITB Publikoaren Saria eta Gazte Epaimahaiaren Saria hartuko ditu, eta bertan, lehenengo aldiz (H) emen ZINEBI Saria emango zaie begirada feministei, (H) emen Elkartearekin lankidetzan.
Nazioarteko Epaimahaiak honako sari hauek emango ditu:
Gainera, honako sari hauek emango dira:
NAZIOARTEKO EGIAZTAPENAK ETA AINTZATESPENAK
ZINEBI Hollywoodeko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak Oscar sarietarako jaialdi kalifikatzaile gisa akreditatu da. Goya sarietarako eta BAFTA britainiarretarako akreditazioa ere badu.
Gainera, European Film Awards (EFA) sarietarako hautagai den film labur bat urtero aukeratzen duten Europako lehiaketen zerrendan dauden Estatuko bi jaialdietako bat da: 67. edizio honetako Nazioarteko Epaimahaiak, Sail Ofizialeko parte-hartzaileen artean, Europako Film Labur Onenaren 2026ko EFA Sarirako hautagai den film bat aukeratuko du. Aurreko edizioan, The Eggregores «Theory (Andrea Gatopoulos, 2024) ekoizpen italiarra izan zen aukeratua, eta, gainera, ZINEBI Sari Nagusia irabazi zuen.
1974az geroztik, ZINEBI Zinema Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF) film labur eta dokumentaletan espezializatutako jaialdi gisa akreditatu du. Gaur egun, sari esklusibo hori Europako beste lau lehiaketa ezagunekin partekatzen du: Oberhausen (Alemania), Tampere (Finlandia), Krakovia (Polonia) eta Clermont-Ferrand (Frantzia).