2012ko abuztuan, Ricardo III.aren gorpuzkiak aurkitu zituzten Leicesterreko aparkaleku batean, asfaltoan R batekin markatutako aparkaleku-plaza baten azpian. Ez da errege bat lurperatzeko ohiko lekua. Horrelaxe hasten da gure istorioa, Ricardo III.aren erregealdi zurrunbilotsu baina laburraren disekzioa, eta kontzienteki edo inkontzienteki gure izaera psikologiko eta biologikoaren parte den giza gaiztakeriaren disekzioa. Ricardo desitxuratua eta makiavelikoa da, tiranoa eta odolzalea, eta gogorarazten digu gaizkia gure eguneroko bizitzaren parte dela, giza DNAren parte; izan ere, bihotzean gaiztakeria eta ontasuna, biak, bizi dira. Infernua hutsik dago; gure demonio guztiak hementxe daude.
Shakespearek sortutako pertsonaia zital handietako bat da Ricardo III.a, antzerkiaren mito bihurtu den magnetismo diabolikoa duen izakia. Lana 1592 inguruan idatzi zuen Shakespearek, hogeita zortzi urte zituela, eta monarka gaizto horren inguruan dago egituratuta. Nahitaezkoa eta aktiboa da, eta haren mende dago ekintza guztia. Bere ekoizpen historikorik anbiziotsuenetakoa da zalantzarik gabe, eta antzerki unibertsalaren historiako dramarik ikusgarri eta krudelenetakoa.
Fitxa artistikoa: