Arriaga Antzokiak izena zor dio Juan Crisóstomo de Arriaga musikagile bilbotarrari, eta hura hil zela bi mende igaro direla ekarri nahi du gogora. Hala, kontzertu oso berezia prestatu du, 2026eko urtarrilaren 17an bete den 200. urteurren horren harira. Bertan, Josetxu Obregón arduratuko da musika-zuzendaritzaz. Interpretea euskal musikagilearen lanean espezializatuta dago, «Juan Crisóstomo de Arriaga. The complete string quartets on period instruments» CDan agerian geratu zenez; besteak beste, musika-produkturik onenaren 2014ko Codalario saria jaso zuen.
Gau-emanaldi honeko egitarauan, Arriagak sortutako erlijiozko ahots-musikako lanik ezezagunenetako batzuk daude, horien artean «Stabat Mater», egilea Pariseko École Royale de Musique et Declamation delakoan ikasten zebilela hiriburu horretan estreinatutakoa, Luigi Cherubini ikastegiko orduko zuzendariak maisulantzat jo zuena, eta «O Salutaris Hostia», bi tenorek, baxu batek eta orkestrak interpretatzeko motetea. Azken lan horretan arituko den ahots- eta instrumentu-talde berak interpretatuko du egitarauaren barruan eskainiko den izen bereko Cherubiniren lana, Arriagak sortutakoaren ostekoa dena. Kontzertua osatzeko, Luigi Boccherini musikagile italiarraren Op. 12 laneko sei sinfonietatik bi entzuteko aukera izango dugu. 1776. urtean argitaratu baziren ere, konpositoreak 1771n sortu zituen, Haydnen edo Mozarten antzeko estilo klasikoan, Luis Borboikoa infantearen zerbitzura zegoela. Maila handiko hitzordu musikala prestatu dugu, beraz, ageriko arrazoiak direla eta gure egilerik maiteena den hau gogoratzeko.