Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Praktika Artistikoak eta Kultur Ikasketak: Gorputza, Afektuak, Lurraldea Berezko Masterra (2025-2026)

octubre 6, 2025 - junio 29, 2026

Praktika Artistikoak eta Kultur Ikasketak: Gorputza, Afektuak, Lurraldea masterra modu independentean egin daitezkeen lau modulutan banatutako berezko titulu erdipresentziala da. Hainbat herrialdetako artistek, ikerlariek eta unibertsitateko irakasleek osatzen dute irakasle-zerrenda.

Uharteko Arte Garaikideko Zentroak (Uharte Zentroa), Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) sustatuta, akademiaren eta arte garaikidearen arteko topagunea da master hau, non esperimentazio metodologikoa eta pedagogia kokatuak diren nagusi. Diziplinaz gaindiko ikerketa esparru bat eskaintzea du helburu, egungo praktika artistikoak birpentsatzeko aukera egon dadin.

Programak hiru ikerketalerro ditu ardatz (modu independentean egin daitezke 16 ECTS kredituko Unibertsitateko Aditu titulua lortzeko):

Generoa eta bisualitateak: teoria feministen eta ikerketa bisualen, artistikoen eta performatikoen arteko elkarguneak aztertzean jartzen du arreta.

Lurraldea: alde batetik, Euskadiko eta Nafarroako kultura-ikerketen edukiak biltzen ditu eta bertzetik, kultura-ekologienak.

Afektuak eta ezagutza kokatua: praktika artistikoan eta artearen ikerketan pentsatzeko orduan afektuek duten garrantzia aztertzen du.

Aldi berean, badago praktika artistikoan oinarritutako ibilbide bat, hori ere era independentean egin daitekeena Unibertsitate Espezializazio titulua eskuratzeko (30 ECTS kreditu).

Praktika artistikoak: tokiko eta nazioarteko artistek zuzendutako lantegi trinkoak, sormen laborategiak, banakako ikerketa lan bat (MALa) eta taldekako bertze bat.

LABURREAN

Izena: Praktika Artistikoak eta Kultur Ikasketak: Gorputza, Afektuak, Lurraldea Berezko Masterra.

Kredituak: 60 ECTS.

Iraupena: 2025eko urria – 2026ko ekaina.

Modalitatea: erdipresentziala. Moduluak modu independentean egiteko aukera.

Hizkuntzak: gaztelania, euskara eta ingelesa.

Ordutegia: aurrez aurreko eskola trinkoak hilean astebetez (astelehenetik ostegunera, goiz eta arratsaldez), urria eta maiatza artean. Hilean hiru aste: bi online saio sinkrono (astelehenetan eta asteazkenetan, 19:00etatik 21:00etara). Gainerako online saioak: asinkronoak (antolaketa ikasle bakoitzaren esku).

Lekua: plataforma birtuala eta Uharte Zentroa.

Prezioa: 39 € / kreditua.

Titulua eskuratzeko baldintzak: irakasgaiak gainditzea eta MALa aurkeztea.

Nori zuzenduta: ikerketa, ikasketa kulturalak eta praktika artistikoak bateratzeko guneak aztertu nahi dituzten ikasleei eta arte- eta kultura-arloko profesionalei zuzenduta dago (artistak, teorialariak, ikertzaileak, komisarioak, hezitzaileak, etab.).

Informazio gehiago: https://master.centrohuarte.es/eu

Local

Huarte Arte Garaikideko Zentroa
Calvario, 2
Huarte/Uharte, Navarra 122 España