Ur Mara Museoko artea eta bizitza ospatzeko ikastaroa.
Azalpena
Uda Ikastaro hau Koldobika Jauregi eskultore, sortzaile eta herri-gizonaren bizitza eta lanari eskainitako jardunaldi berezia da. Gipuzkoako Alkiza herrian jaiotako artistaren ibilbide artistikoa, soziala eta kulturala aztertzeko gonbita da, diziplina anitzeko ikuspegi batetik. Programa zabal honek hainbat gai jorratuko ditu: Jauregi artistaren sormen ibilbidea, bere artearen kokapena euskal testuinguruan, natura eta komunitatearekin dituen harremanak, eta bere proiektu garrantzitsuenak, batez ere Ur Mara museoarenak azken 10 urteotan.
Hitzaldi, mahai-inguru eta jardueretan zehar, arte garaikideko, zientziatako, literaturako eta herrigintzako adituek parte hartuko dute. Parte-hartzaileek aukera izango dute Koldobika Jauregiren lanaren dimentsio ezberdinak ezagutzeko: bere eskulturatik hasi, bere gizarte konpromisora arte. Ikastaroak ez du soilik begirada historikoa eskainiko, etorkizunera begirako gogoeta ere proposatuko du, Jauregiren lanaren eta bizitza ikuspegiaren garrantzia azpimarratuz. Basoko ibilaldi bat, memoria kolektiboa lantzeko dinamika bat, *Dantza* filmaren proiekzioa eta musika emanaldi bat ere ikastaro honen parte izango dira.
Ikastaroa, beraz, Koldobika Jauregiren bizitza eta lanaren omenaldi bat da, baita inspirazio iturri bat ere arte, natura eta komunitatearen arteko elkarrizketarako. Udako solstizioan egingo da, Alkizako paisaia ederrean eta Donostiako Miramar jauregi dotorean. Solstizioaren sinbolismoak bat egiten du Koldobika Jauregi artistaren lanarekin: naturarekin bat egitea, argiaren eta denboraren metamorfosiak ulertzea.
Garrantzitsua: Uda ikastaroa euskaraz eta gaztelaniaz egingo da. Bi hizkuntzak erabiliko dira, Ur Mara Museoan egiten den moduan: biak modu naturalean tartekatuz. Ez dugu, ordea, berehalako itzulpenik eskainiko, arrazoi tekniko eta aurrekontuengatik.
Hala ere, euskarazko edukiek izango dute gaztelaniazko material osagarria, edo azalpen laburrak ondoren, parte-hartzaile guztiek ulertu eta parte hartu ahal izateko.