Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Pasaia Itsas Festibala 2026 (maiatzak 14-17)

mayo 14, 2026 - mayo 17, 2026

Jada eman dute jakitera dozenaka ontzi Pasaiako badian elkar topatzeko hurrengo data: Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioa 2026ko maiatzaren 14tik 17ra bitartean egingo dute. Aurreko edizioetan bezalaxe, itsas kulturaz, ondarez, musikaz, gastronomiaz, artisautzaz eta dibulgazioz beteko dituzte lau egun.

Pasaia Itsas Festibala euskal kostaldean ospatzen den itsas ekitaldi garrantzitsua da, eta nazioarteko irismena du. Bi urtetik behin, itsas kultur ondareaz gozatzeko parada izaten dute Pasaiara hurbiltzen direnek, eta Euskal Herriko historiaren beste ikuspegi bat eskaintzen du.

Hain zuzen, festibala itsasoari horren lotuta bizi zen euskal itsastarrei egindako omenaldia da. Lau egunetan zehar, Pasaia mundu osoko itsas kulturen topagune bihurtuko da, iraganean izan zenari keinua egiteko. Dozenaka ontzi tradizional elkartuko dira uretan, eta kultur programazio zabala eskainiko da lehorrean geratzen direnentzat. Antolatzaileek adierazi dutenez, egitarau zehatza data hurbildu ahala zehaztuko dute.

2026ko festibalak aurreko edizioetako ereduari jarraituko dio, eta berriz ere erakunde publikoen eta kultur eragile ugariren babesa izango du, edizio bakoitzarekin kopurua handituz joan baita. Era berean, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute orain arte ikusleen, parte hartu duten eskifaien eta itsas ondarea zaintzen aritzen diren elkarteen aldetik harrera ona izan duela festibalak, eta datorren urtean ere bide beretik jarraitzea espero dutela.

Kartela, jai giroan murgiltzeko gonbidapena

Roskow artistak egin du 2026. urteko Pasaia Itsas Festibalaren irudia izango den kartela. Hamarkadak daramatza Donostiako Egia auzotik unibertso artistiko propioa eraikitzen: autoprodukzioari eta sormen-askatasunari estuki lotutako ikuspegia dauka. Bere ilustrazioengatik ezaguna bada ere, beste teknika batzuetan egindako lanagatik ere nabarmentzen da, hala nola grabatuan, serigrafian edo mihise gaineko akrilikoan.
Kartel honetan, Roskowk jaialdiaren zerbitzura jarri du bere espresio bisuala, eta argi eta garbi ezagut daitekeen agertoki bat irudikatu du: Pasaiako badia. Itsasontziek, ekitaldiaren benetako protagonistek, bizia hartzen dute, eta Pasaia Itsas Festibala definitzen duen itsas eta jai giroan murgiltzera gonbidatzen ditu.

“Ilusioa egin dit eta erronka handia izan da aurtengo kartela egitea. Eszena gela baten barrutik planteatzea bururatu zitzaidan, bokalera begira, San Juan ontziaren maketa kanpoko itsasontzien desfilearekin hartu-emanetan jarri nuen. Istorio txiki bat kontatzen ere saiatu naiz: aulki huts bat eta liburuz eta marrazkiz beteriko mahai bat jarri ditut, gelan norbait lanean ari zela aditzera emateko, eta kalera, festara, jaitsi dela erakusteko. Kartelak egiterakoan istorioak iradokitzea gustatzen zait, eta bereziki pozik nago honekin, jaialdiaren ideia eta espiritua benetan ondo islatzen dituela uste dudalako”.

Kartel berria eta festibala sustatzeko bideoa oinarri hartuta, Albaolak Europako hainbat itsas festibaletan aurkeztuko du Pasaia Itsas Festibala, horietara joan diren ontzi tradizionalak erakartzeko helburuarekin. Aldi berean, datozen hilabeteetan, itsas festibalaren antolakuntza lurraldeko kultur eragile anitzekin elkartuko da, laugarren edizioko programa sortzen hasteko.

Festibalari buruzko albiste guztiak www.pasaiaitsasfestibala.org webgunean egongo dira.

Local

Adurtza
Vitoria-Gasteiz, Álava 059 España