Artxiboen Nazioarteko Astea ospatzeko eta Ipuskoa 1000 urte ekitaldien baitan, foru aldundiko artxibo historikoetan bisita gidatuak egingo dira: ekainaren 9 eta 10ean Oñatin (Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan) eta ekainaren 11 eta 12an Tolosan (Gipuzkoako Artxibo Orokorrean).
Artxiboen Nazioarteko Kontseiluak (ICA) iragarri duenez, Artxiboen Nazioarteko Astea ekainaren 9tik 13ra ospatuko da. Aurtengo leloa «Artxibo irisgarriak. Artxiboak guztiontzat» da, artxiboek mundu mailako publikoarengana iristeko duten gaitasuna azpimarratzeko asmoarekin.
Horrez gain, 2025a Gipuzkoan berezi izaten ari da lurraldearen izenaren, ipuskoa hitzaren, 1000 urte ospatzen baitira, “Ipuskoa. Izanetik izena. 1025/2025” proiektuaren baitan.
Bi gertaera hauek batuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko artxibo historikoek (Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa – Oñati- eta Gipuzkoako Artxibo Orokorra – Tolosa-) ateak irekiko dituzte, doan, edonor etor dadin. Bisiten helburua artxiboen egunerokoa nolakoa den ezagutaraztea da.
Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan (Oñati)- Ekainaren 9 eta 10an
Bi egun horietan, egunero, hiru bisita gidatu egingo dira artxiboan: goizean bi (10:00etan eta 12:00etan) eta arratsaldean beste bat (16:00etan). Bisita bakoitzean bi talde egingo dira (bat euskeraz, bestea gazteleraz).
Talde bakoitzak gehienez 15 lagun izango ditu eta bisitak ordu bat eta 30 minutu iraungo du, gutxi gorabehera.
Bisitaren ibilbidea artxiboko hainbat gunetatik igaroko da, baita sarbide mugatuko eremu batzuetatik ere (gordailuak, lan-aretoa, zaharberritze-tailerra, etab.). Era berean, XV. mendetik XX. mendera bitarteko jatorrizko dokumentuak erakutsiko dira, Gipuzkoako historiarako interes berezia dutenak.
Bisita gidatuetan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, telefonoz deituz (943 41 50 60), 8:30etatik 14:30eteara, posta elektronikoz idatziz (ahpg-gpah@gipuzkoa.eus) edo inprimaki hau beteta.