Marisa Gonzálezen (Bilbo, 1943) «Un modo de hacer generativo» (Lan egiteko modu sortzaile bat) erakusketa antologikoak artistaren ibilbidea berraztertzen du, 2023an artistak Velázquez Saria lortu baitzuen. Erakusketa Madrilgo Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalak antolatu du, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaorekin lankidetzan, eta Violeta Janeiro da komisarioa.
1970eko hamarkadan, Gonzálezek lan batzuk egin zituen Chicagoko Art Institute eskolako Sistema Sortzaileen Sailean. Horrek argi islatzen du artistak oso goiz eta etenik gabe izan zuela interesa komunikazioaren eta irudien erreprodukzioaren teknologiekiko; eta, ondorioz, esperimentazio-mota horien aitzindarien artean dagoela. Izan ere, 1986an, Bilboko artistak komisariotzan parte hartu zuen Reina Sofia Arte Zentroaren inaugurazio-erakusketetako batean: Procesos: cultura y nuevas tecnologías [Prozesuak: kultura eta teknologia berriak].
Bere ibilbidean, arlo jakin batzuk interesatu zaizkio, besteak beste, gai feministak, mugimendu sozialak, arkitektura industriala, hondakina eta kondarra. Oso goiz jarri zen harremanean feminismoekin, eta, ondorioz, toki nabarmena hartu du arte instituzionalaren genealogia feministei buruzko ikerketa berrietan.
“Un modo de hacer generativo” maiatzaren 21ean inauguratuko da Reina Sofia Museoan. Marisa Gonzálezen ekoizpenean oinarritutako planteamendu kronologiko bati jarraituko dio erakusketak, fotokopiagailuen eta 2000ko hamarkada baino lehenagoko beste sistema sortzaile batzuen erabilerari lotuta.
Erakusketa-proiektuak urriaren 29tik aurrera izango du jarraipena Azkuna Zentroan, eta azken 25 urteetan sortutako instalazioak izango ditu ardatz. Hain zuzen, Bilboko paisaia industrialaren eta Gonzálezen ibilbidean funtsezkoak diren bi lanen inguruan egituratuko da: Lemoizko zentral nuklearraren eraispena dokumentatzen duten argazkiak eta bideoak eta Bilboko okindegiarenak.