Aurten ere, Bilbo zientzia-dibulgazioaren hiriburu bilakatuko da irailean. 17tik 30era, zientzia protagonista izango duten hitzaldiekin, erakusketekin, tailerrekin eta ikuskizunekin itzuliko baita Bilbo Zientzia Plaza (BZP).
Zortzigarren edizio honetako plater nagusia Naukas Bilbao izango da, aurten bere 15. urteurrena ospatuko duena eta Euskalduna Bilbao zientziaz eta umorez beteko duena irailaren 19an eta 20an. Txikienentzat, bi ikuskizun zientifiko eta dozena erdi tailer baino gehiago antolatuko dira Naukas Kids-en barruan irailaren 21ean, Bizkaia Aretoa-EHU eraikinean.
Honekin guztiarekin batera, Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren denboraldi berria irekiko da irailaren 17an. Asteazken horretan, Jesús Álvarez-Herms fisiologoak Kilian Jornet atletaren adibidea hartuko du osasun sistemikoaz hitz egiteko, gizakiaren potentzial biologikoaren oinarri gisa. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatutako zikloaren bigarren ekitaldia 24an izango da. Egun horretan, Irati Mitxelena CIC bioGUNEko doktoratu aurreko ikertzaileak eta luzera-jauzilariak eliteko kirolari gisa izan duen esperientzia azalduko du.
Aldi berean, irailaren 20tik 30era Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea erakusketa izango da ikusgai Bizkaia Aretoa-EHU eraikinean. National Geographic Magazine aldizkari ospetsuan egindako lanagatik SND Society for News Design erakundeak munduko diseinatzaile onenaren saria eman berri dion Fernando G. Baptista-ren altxor infografikoak ezagutzeko aukera egongo da.
BZP 2025 irailaren 30ean itxiko da Bizkaia Aretoa-EHUko Mitxelena auditorioan eskainiko den zineforum emanaldi batekin. El enigma Agustina dokumentala proiektatuko da eta jarraian, ohi bezala, solasaldia egingo da.
Bidebarrieta Zientifikoa | Irailak 17, asteazkena
Naukas Bilbao | 15. urteurrena | Irailak 19-20
Naukas Kids | Irailak 21, igandea
Erakusketa | Irailak 20-30
Bidebarrieta Zientifikoa | Irailak 24, asteazkena
Zineforum | Irailak 30, asteartea
Bilbo Zientzia Plaza (BZP) EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako zientzia-dibulgazioko ekimena da, Bilboko Udalaren eta Euskampus Fundazioaren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, Donostia International Physics Center (DIPC), Metro Bilbao eta EiTB erakundeen laguntzarekin. Datozen asteetan, Bilbo Zientzia Plazaren baitan antolatuko diren ekimenei buruz informazio gehiago eskainiko dugu.