Aurten ere Faktoriako antzerki eta sormen talde amateurra antolatuko da 2025-2026 ikasturteari begira. Ainhoa Artetxe zuzendariaren eskutik, antzerkian murgiltzeko aukera izango da, esperimentatzeko, sortzeko eta gozatzeko; taldeak nahi badu, ikasturte bukaeran lana taularatzeko aukera ere izango da. Edonola ere, sorkuntza eszenikoan, zaintzan, prozesuaren gozamenean oinarritutako ikaskuntza esperientzia bat izango da.
«Ondo» ala «Txarto» alde batera utzita, guztiok antzezteko gai garela dio Ainhoa Artetxe aktoreak. Dilema beste bat da; ea baimena ematen ote diogun gure buruari. Gizakiok bizitza osoa ematen dugu antzezten; norekin gauden, zer nahi dugun edo zein egoeratan gauden gure aurpegi ezberdinak erakusten ditugu. Tailer honetan, elkarren artean konektatuz eta plazera ardatz hartuta, parte-hartzaile bakoitzak dituen espresio ezberdinak aztertzeko aukera izango du.
Alde batetik, gorputz adierazpena, kontzentrazioa, instintua eta irudimena lantzeko antzerki ariketa ezberdinak egingo dituzte parte-hartzaileek. Bestetik, nortasun sortzailea garatzeko eta inprobisatzeko gaitasuna lantzeko, eszenak sortuko dira, sorkuntza eszenikorako askatasun eremu bat aurkitzeko asmoz.
Ainhoa Artetxez gain, bestelako antzerki irakasle gonbidatuak izango dira urtean zehar: Graziela Doniz, Nagore Cenizo, Eva Laorden, Miren Gaztañaga… Horrela, antzerki diziplina ezberdinetan murgiltzeko zein euskal eszenako artista erreferentzial ezberdinekin murgiltzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Horretaz gain, urtean birritan antzerki tailer intentsiboak egingo dira (2 egunekoak): sorkuntza eskolaz aparteko proposamen bat izango da.