Bilboko 2025eko Aste Nagusiko eskaintza musikala osatzen duen hitzordu sendotuenetakoa bueltan da aurten ere: Gizakundearen Elizako Musika Klasikoaren Zikloa, 2025ean 26. ediziora iritsiko dena.
Guztira, zortzi kontzertu eskainiko dira, abuztuaren 16tik 23ra bitartean, egunero 20:30ean, sarrera librea edukiera bete arte.
Urtero bezala, Atxuriko tenpluak harrera egingo dio publiko zabal eta askotariko bati, eta bertan bat egingo dute tokiko, estatuko eta nazioarteko taldeek. Zikloaren helburu nagusia musika klasikoa publiko berrietara hurbiltzea da, betiere errepertorioaren eta ikuspegiaren berrikuntzaren bidez.
Abuztuaren 17an, Musbika Ensemble euskaldunak eta Josu Camara aktoreak (2025eko Farolin) «Antonio Gaztañetaren bidaia« izeneko saioa eskainiko dute, instrumentu historikoen eta barroko musikaren bidez euskal marinel ospetsuaren bizitza eszenaratuz.