Norman Fosterrek eta Luis María Uriartek Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko egindako proiektua beste mugarri batera iritsiko da aurtengo urrian, 1970eko eraikinaren zaharberritzea amaitzen denean. Agravitas arkitektura berria eraikitzearekin batera egina –bi eraikinek Chillida plazatik eta komunikazio-gune bertikaletik izango dute sarbidea–, zaharberritze garrantzitsu honek gune honetan erakusketa- eta hezkuntza-jarduerak egitea ahalbidetuko du, aurtengo urritik aurrera, obren azken fasean.
1970eko eraikinaren zaharberritzea
Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoek proiektatu zuten 1963. eta 1970. urteen artean, Mies van der Roheren proposamenetatik hurbil dagoen nazioarteko lengoaiarekin. Arte Ederren Bilboko Museoaren lehen handitze hau hiriari arte garaikideenera bideratutako kultura-ekipamendu bat emateko sortu zen. Berritzeko duen bokazioari esker, Espainian arte garaikiderako eraikitako lehen eraikin berria izateko ohorea dagokio. Azken bost hamarkadetan, bere arkitekturak estatuko arte bildumarik garrantzitsuenetariko bat eta Euskal Herriko erakusketa egitaraurik dinamiko eta aurreratuenetako bat ikusi ditu hazten.
Zaharberritze integralak ia 6.000 metro koadrori eragin die; funtsean, egitura eta instalazioak administrazioek eskatutako segurtasun eta suteen aurkako babeserako egungo arauetara egokitzeko beharrari erantzuten dio, eta eskakizun eta konplexutasun handiko prozesu tekniko bat behar izan du, balio arkitektoniko handiko elementua delako. Esku-hartzeak eraikinaren ezaugarri esanguratsuenak nabarmendu ditu, baina denboran zehar izan dituen eraldaketak ezabatu gabe, hala nola jatorrizko atariaren itxiera, bi fasetan egin zena (1983 eta 1993), Rufino Basañezen eta Álvaro Libanoren diseinuaren arabera. Era berean, zaharberritutako eraikinaren komunikazio-nukleoak Agravitas handitze-bolumenerako balioko du, bikoizketak saihesteko eta eraginkortasun operatiboa errazteko.
Chillida plaza irekitzean eta museoko jarduera publikoa 1970eko eraikinera aldatzean, aurtengo urrian, Agravitas eraikinaren obren azken zatia hasiko da, eta, aldi berean, 1945eko eraikinaren eta Arriaga atari berriaren arteko pasabidea egingo da Pedro de Icaza y Aguirre atariaren eskailera monumentalaren azpian.
2025eko urritik 2026ko ekainera, 1970eko eraikinaren galeria berreskuratuek A(r)teak zabalduz programa bereziaren erakusketak eta jendaurreko eta hezkuntzako jarduerak hartuko dituzte:
4 metroko altuera eta 18 tonako eskultura monumental hau Banco Bilbao Vizcayak Eduardo Chillidari Bilboko Kale Nagusiko bere egoitzarako egindako enkargua izan zen. Han, banku-erakundeari sarrera ematen zion plazan, bi hamarkada baino gehiago eman zituen 1997an instalatu zenetik, eta hiriaren sinbolo bihurtu zen. 2018an, konpainiaren titulartasunaren eta instalazioen funtzioaren aldaketak eragindako obren ondorioz, Hernaniko (Gipuzkoa) Chillida Lekura eraman zen eskultura. Orain, BBVArekin egindako komodatu akordio bati esker, sortu zen hirira itzuli da Burdinaren gorazarrea III, eta museoko Chillida plazan kokatuko da.
Eskulturaren izenburuak Bilboko tradizio siderurgikoari egiten dio erreferentzia, baita egileak bere ibilbidean material nagusi horrekin duen identifikazioari ere. 1951n, Eduardo Chillidak Paristik alde egin zuen, hara orduko joera artistikoak ezagutzera joan ondoren, bere jaioterrian bere sustraiak berraurkitzeko asmoz. Hemen hasi zen sutegian lan egiten, burdina gori zegoela eta mailu kolpeka. Hala, metal horrekin eta lengoaia eskultoriko berri batekin, Chillida abstrakzioan eta espazioaren ikerketa pertsonalean murgildu zen.
2025eko urriaren 8tik aurrera
Chillida plaza
Iñaki de la Fuentek 1973an sortutako Itsasadarretik Abrara horma-iruditik hasi eta Ainara LeGardonek 2023an museoko bilduma Tabakalerara (Donostia) lekualdatzeko egin zuen Pausa Pulsar soinu-piezaraino, Ataria (bat)-ek Bilbori eta museoari lotutako espazio eta erakunde artistikoetarako berariaz asmatutako produkzio-multzo baterako denbora-esparrua eratzen du. Kronologia zabal horrekin, obrek erakusten dute 1970eko hamarkadatik aurrera, museoak lehen handitzeari ekin zionetik aurrera, egindako praktika artistikoen izaera publiko eta hedatua.
Hogeita hamar bat obrak hartuko dute Líbano eta Beascoaren eraikinaren beheko solairuan ireki zen antzinako ataripe edo atariaren espazioa, zeinak estalitako plazaren izaera berreskuratu duen. Hainbat pieza garrantzitsu erakutsiko dira, hala nola Agustin Ibarrolaren Euskadi horma-irudi artikulatua (1977-1979), berriki zaharberritua; Richard Serraren Denboraren materia maketa (1994-2005), Guggenheimerako pentsatua; Juana Cimaren Sugoi margolana (1985), Bilboko Alde Zaharreko Lamiak kafetegian egon zena; eta hiriko arte-zentroek ekoitzitako hainbat lan, Itziar Okariz (BilbaoArte), Gema Intxausti (Rekalde Aretoa) edo/eta Elena Aitzkoaren (Azkuna Zentroa) eskutik. Erakusketak arreta berezia eskainiko die gure museoan sortutako proiektuei, hala nola Jose Luis Zumeta, Dario Urzay, Jon Mikel Euba, Maider López eta June Cresporen esku-hartzeei.
Babeslea: BBK Banku Fundazioa
2025eko urriaren 8tik aurrera
1970eko eraikina, beheko solairua
1938an Hans-Georg Kern izenez jaioa, Baselitzek bere jaioterritik, Deutschbaselitz hiritik (Saxonia, Alemania), hartu zuen goitizena. XX. mendeko bigarren erdialdeko margolari garrantzitsuenetako bat da. 1960ko hamarkadan, formatu handiko eta espresionismo kutsuko pintura figuratiboarekin eman zuen ezagutzera bere burua, hots, Bigarren Mundu Gerra piztu zuten balioak zalantzan jarri zituen belaunaldiarekin identifikatzen den pinturarekin.
1970eko eraikinaren galeria nagusian kokatuta, erakusketak azken hamarkadan sortutako eta Norman Rosenthal historialariak aukeratutako berrogeita hamar bat margolan aurkeztuko ditu. Mihise izugarriek (batzuek 480 x 300 cm neurtzen dituzte) norberaren gorputzaren kontzientziak, autobiografiak eta artearen historiak blaitutako irudi apartetan lantzen dituzte Baselitzen obsesio tematikoak. Figurek, eskuek, zetazko galtzerdiek, hankek, oinek eta arrano inperialek adierazkortasun berri bat eta artista alemanaren azken urteetako argitasun bikaina batzen dituzte.
Erakusketak, horrez gain, sormen-indarrak, Baselitzen azken estilo horretan, muga fisiko zorrotzenak gainditzen dituelako ideiari heltzen dio; adibide paregabe horrek erresilientzia artistikoko genealogia baten parte izatea eskatzen du, zeinaren parnasoan bizialdi luzeko beste margolari batzuk dauden, hala nola Tiziano, Rembrandt, Goya eta Picasso.
Adibide artistiko horrek balio izango dio BBKmuseoaren programa bateratuari jendeari gogoeta bat proposatzeko, zahartze aktiboari eta belaunaldien arteko egungo erronkari buruz.
Urriaren 8tik
1970eko eraikina, lehen solairua
Denise Scott Brown (Zambia, 1931) XX. mendeko bigarren erdialdeko arkitektorik garrantzitsuenetakoa da. Johannesburgen graduatu ondoren, Londresen eta Filadelfian osatu zituen ikasketak; han, Robert Venturi ezagutu zuen (1925-2018), eta harekin partekatu zuen bere bizitza eta ibilbide profesionala. Bere lan garrantzitsuenetako bat Learning from Las Vegas (1972) da, Venturi eta Steven Izenourrekin batera egindako saiakera kritikoa, amerikar kultura bisual herrikoia eta autoz egindako desplazamendua proiektu arkitektonikoan txertatzen dituena.
Erakusketa Espainian arkitekturari eskainitako lehenengo atzera begirako handia izango da, eta soilik Scott Brownen figurari erreparatzen dion nazioarteko bakarretakoa. María Pía Fontana eta Miguel Mayorga arkitektoek komisariatu zuten, eta lau ataletan egituratuta –Bizitza, Etxea, Kalea eta Hiria–, Scott Brownek eta haren laguntzaileek egindako jatorrizko ehun lan baino gehiago erakutsiko dira lehen aldiz (marrazkiak, argazkiak, kartelak, altzariak eta maketak), haien proiektuek kultura bisual garaikideari egindako ekarpen izugarria aurkezteko.
Denise Scott Brownen ahotsak presentzia izango du aretoetan, museoak 2024ko udaberrian Filadelfiako bere etxean egindako elkarrizketa eta grabazio batzuen bidez ekoitzitako dokumental bati esker.
2026ko otsailaren 3tik aurrera
1970eko eraikina, beheko solairua
2026an, konpainiaren 125. urteurrenaren ospakizunarekin batera, erakusketak Iberdrola Bildumako lanen aukeraketa zabala aurkeztuko du, arte moderno eta garaikideko hirurehun piezak baino gehiagok osatua.
Asmo bildumazale anbiziotsu hori eraikitzeko balio duten kontzeptu-koordenatuek gidatuko dute erakusketa-proiektua. Paraleloak atalak multzoaren bilakaera kronologikoa eta geografikoa adierazten du, XIX. mendearen amaierako Euskal Herriko arte-modernitatearen hastapenetatik eta 1950eko hamarkadatik aurrera abangoardiako artea garatu zenetik XXI. mendeko artearen horizonte berrien nazioarteko panoramaraino. Meridianoak atalak, berriz, bildumaren intereseko gai nagusiak aipatzen ditu, Argia, Natura eta Asmamenaren inguruko funtsezko hiru gai-multzorekin. Bildumaren azken kapitulu bat Bilborekin lotuta dago, Iberdrolaren sorrerako hiria baita, eta haren egoitza soziala hartzen duena, museoaren ondoko dorrean. Espazio horrek erakusketaren egoitza osagarri gisa funtzionatuko du.
2026ko apirilaren 28tik
1970eko eraikina, lehen solairua