2025ko Aste Nagusiko egitarauaren barruan.
Kaleko Antzerkirako eta Arteetarako agertoki handi bilakatuko da berriro ere Bilbo, Aste Nagusian, 23 ikuskizunekin, 19 konpainiak taularatutakoak; horietako 7 Euskadikoak, 5 estatukoak eta 7 nazioartekoak izango dira. Horretarako enklabeak honako hauek izango dira: Elkarbizitzaren Plaza, aurreko edizioan espazio berri gisa arrakastaz estreinatu zena, eta Casilda Iturrizar Parkeko Pergola, arratsaldero programaziorik familiarrena hartuko duena.
Horrela, Bizkaiko hiriburuak kaleko arte eszenikoen onena hartuko du jaietan, abuztuaren 17tik 24ra bitartean, igandetik hurrengo igandera.
Akrobaziak, musika, magia, clown ikuskizunak eta askoz gehiago protagonista bihurtuko dituzte erakustaldiok jaietan, mundo osoko konpainia nabarmenen eskutik. Itziar Urtasunek nabarmendu duenez, sari ospetsuak merezi dituzten eta proposamen «berritzaileak» dituzten obrak izango dira aurten, hala nola tresna birtualekin labana jaurtitzea; ikusezin bihurtutako kolektiboei ikusgarritasuna ematen dieten obrak; musika klasikoko gai ezagunak, modu lotsagabean eta mugimenduan interpretatuak, eta diskurtso feminista «gaur-gaurko eta ezinbesteko» bati protagonismoa emango dioten beste batzuk.
Haien artean, adibidez, manoAmano konpainia argentiniarra izango, «Kinematos» bere lana dela eta, Leioako Umore Azokaren 2025eko edizioan Munduko Gainerako Ikuskizun Onenaren saria irabazi duena. Ikuskizun hori, hain zuzen ere, antzeztuko dute Bilbon abuztuaren 20an, asteazkenean; Elkarbizitzaren Plazan, 12:30ean, eta Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan, 19:30ean, zehazki.
Gainera, Udalak bertoko talentuarekin duen konpromisoaren ildotik, Euskadiko 7 konpainia izango dira aurten programazioan.
Horretarako, bi agertoki izango dituzte. Alde batetik, Elkarbizitzaren Plazan, ikusleek saio bikoitza izango dute egunero, 12:30ean eta 21:15ean, azken igandean izan ezik, egun horretan goizeko emanaldia baino ez baita egingo (12:30ean).
Beste aldetik, Casilda Iturrizar Parkeko Pergolako agertokian, Txikigunean, emanaldi bat egingo da egunero, 19:30ean, eta umeei eta familiei zuzenduta egongo da.
PROGRAMAZIO IRISGARRIA ETA BERTOKO ANTZERKIAREN ALDEKOA
Abuztuaren 17an, igandean, hasiko da programazioa bi eremuetan, irisgarritasunaren aldeko apustuarekin. Hala, lan askok oso testu gutxi izango dute, eta gainerakoetan zeinu-hizkuntzako interprete bat egongo da.
EUSKADIKO KONPAINIEN artean, eszenatokira igotzen lehenengoa Orain-Bi izango da, eta «Mute» ikuskizuna antzeztuko dute. Bertan, mutaziorako gonbidapena egingo dute, “urrunago, gorago iristeko”. Astelehenean, hilak 18, izango da, 12:30ean, Elkarbizitzaren plazan.
Egun horretan bertan, baina 19:30ean eta Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan, Zirika Zirkusen txanda izango da, «Marietak Zirkus» antzezlanarekin maitasuna, elkartasuna, sororitatea eta ahalduntzea defendatuko dituena.
Hurrengo egunean, hilaren 19an, asteartean, euskal konpainiek presentzia izaten jarraituko dute, Teatro Gorakadaren eskutik eta «Bermutaren Kermessea« ikuskizunarekin. Antzerki- eta musika-emanaldi honek genero askotako musika-gaiak eta saltzaile eta hitzontzi ibiltariei egindako omenaldia nahasten ditu, eta kale-espazioa hartzeko pentsatuta dago, joan-etorri eta animazio handieneko unean: bermuaren eta aperitiboaren orduan. 12:30ean izango da, Bizikidetza plazan.
Ostegunean, hilak 21, Markeliñe konpainiaren txanda izango da. 1984tik antzerki bisualetik eta jatorrizko sorkuntzatik hunkitzen ari dira, eta oraingo honetan, «Artilusio» tituluduna, munduan eta fantasian zehar bidaiatuko dute, liburuz elikatzen den fantasiazko makina handiaren eskutik. 19:30ean izango da, Casilda Iturrizar parkeko Pergolan.
Euskal ordezkaritza duen antzerki eskaintzak Ganso y Cía konpainiaren lanarekin jarraituko du larunbatean, hilak 23. Antzerki ofizioa ikusaraziko dute klasiko handien parodiatik eta haien inguruko estereotipoetatik, «Welcome&Sorry» ikuskizunarekin. 12:30ean izango da, Elkarbizitzaren Plazan.
Igandean, hilak 24, 12:30ean, Elkarbizitzaren Plazan, Trapu Zaharraren txanda izango da, «La última y nos vamos» umorezko lanarekin. Antzezlan horrek kaleko antzerkiko aktore bat du protagonista, ordu txikietan, aretoko antzokian zortea probatzea erabakitzen duena. Eta arratsaldean, 19:30ean, Casilda Iturrizar Parkeko Pergolan, Eleder Magoak bere «Magia Mundiala» lanarekin publikoa harrituko du.
ESTATUKO ETA NAZIOARTEKO 12 KONPAINIA
Gainera, Antzerki eta Kaleko Arte programazioak ESTATUKO ETA NAZIOARTEKO 12 KONPAINIA ere hartuko ditu, tartean, Taiwan, Frantzia, Ingalaterra, Argentina, Belgika eta Italia bezalako herrialdeetatik etorritakoak, eta baita Catalunya, Aragón eta Andaluzia bezalako autonomia-erkidegoetatik etorritakoak ere.
Izan ere, nazioarteko lehen emanaldiak ELKARBITZITZAREN PLAZAren programazioa irekiko du, igandean, hilak 17, 12:30ean, Chieng Hung-Kuo artista taiwandarraren eskutik. Sua manipulatzen, kuboekin egiten den zirku-artea egiten eta kristalezko bolekin egindako ikuskizunetan aditua da artista, eta «Moving Zen» izeneko ikuskizuna eskainiko du. Eta gauean, 21:15ean, Barolosolo konpainia frantziarraren eta «Île O» haien clown ikuskizunaren txanda izango da.
Astelehenean, hilak 18, 21:15ean, Kataluniako Teatro Sobre Ruedas konpainiak zirkua eta umorea zuzeneko musikarekin nahastuko ditu «Revolución» ikuskizunean. Horien bitartez, gure buruei inposatzen dizkiegun muga fisiko eta mentalak, edo gainerakoek inposatzen dizkigutenak, aztertu egingo dituzte, eta zalantzan ere jarriko dituzte. Horrela, ikuskizunaren bidez, kulturan inklusioa eta kulturarako sarbidea sustatuko dute, ikusezin bihurtutako kolektiboak ikusaraziz.
Asteartean, hilak 19, Bowjangles harizko laukote ingelesak, «Classically Untamed« ikuskizunean, musika klasikoko errepertorioko abesti ezagunen interpretazio bereziari ekingo dio, dantza, komedia eta mugimendua erabiliz. 21:15ean izango da.
Asteazkenean, hilak 20, 12:30ean, Argentinako Mar de Platatik helduko da manoAmano konpainia, eta Leioako Umore Azokako 2025eko edizioan Munduko Ikuskizun Onenaren Saria irabazi duen «Kinematos» akrobata bikotearen ikuskizuna eskainiko du. Egun horretan bertan, 21:15ean, Aragoitik iritsiko dira Los Gandules, «Extravagancia» haien ikuskizunean sasi-bertsio musikalak eta komedia nahasten dituztenak.
La Banda de Otro konpainia andaluziarraren «Rodeo« ikuskizun originala protagonista izango da ostegunean, hilak 21, 12:30ean, Elkarbizitzaren Plazan. Espazio berean, 21:15ean, eta berriro ere ostiralean, hilaren 22an, 12:30ean, Josianes konpainia frantsesak bere «Art de la résistance« ikuskizuna eskainiko du. Ikuskizun horretan, abestu, dantzatu eta biratu egiten dira, bai eta errebelatu ere, audio misoginoen artxiboen edo sexu-indarkeriaren testigantzen aurka.
Ostiralean bertan, hilak 22, 21:15ean, Belgikatik iritsiko da Company Mindnight konpainia. «Us» haien ikuskizunean, zirku emanaldi berezia eskainiko dute. Bertan, teknologia berriak lagun, malabarismo ukitu tradizionalei ekingo diete, bai eta aiztoak jaurtitzeari ere, baina software programa baten bidez.
Eta hilaren 23an, larunbatean, 21:15ean, zirkuz eta umorez betetako distopia batean murgiltzera gonbidatuko du Aragoiko Nostraxladamus konpainiak, «Nada» ikuskizunarekin.
CASILDA ITURRIZAR PARKEKO PERGOLA, Txikigunean, estatuko eta nazioarteko obren eta konpainien topagunea ere izango da, egunero, 19:30ean. Programazioari hasiera Chieng Hung-Kuok emango dio, «Moving zen» haren ikuskizunarekin, igandean, hilak 17. Asteartean, hilak 19, musika klasikoaren ikuspegi originalaren txanda izango da, Bowjangles konpainiaren eskutik, «Classically Untamed» lanarekin. Hurrengo egunean, asteazkenean, hilak 20, manoAmano konpainiaren akrobazien txanda izango da, «Kinematos» ikuskizunean. Ostiralean, hilak 22, bere aldetik, Civi Civiak Aragoiko konpainiak «Don Bártulos» bere pertsonaia kutuna ekarriko du. Eta abuztuaren 23ak, larunbatak, kutsu italiarra izango du, Agro the Clown artistaren «ImproLocura» ikuskizun komikoari esker.
ORDUTEGIAK: