Donostiako 2025eko Aste Nagusiaren barne.
Garazi San Martin Boj aktorea, komikoa, inprobisatzailea eta sortzailea da. Bere azken lana aurkeztuko digu, bakarrizketa komikoa, Bihotz, bi hots, bi txotx!, norberak sortutako auto-fikzio komikoa.
Egilearen beraren esperientzia pertsonaletik sortutako ikuskizuna da, maitasunari buruz duen ikuspegi katastrofikoa kontatzera datorkiguna. Aktore, kantautore, bakarrizketari eta/edo pailazo honekin eta/edo guztiekin batera barre egingo dugu. Ikuskizunean oso presente dagoen erregistro eta keinu kontrol handiarekin, maitasun harremanez eta maitasun erromantikoan nola hezi garen azaltzen digu. Dela harreman heterosexualetan, dela, bere kasuan bezala, homosexualetan. Harreman osasuntsuagoak eraikitzera bultzatzen duen hausnarketa duen istorioa. Seguru pertsona bat baino gehiago identifikatuta sentitzen dela, eta seguru ez duela inor epel uzten.