Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) osasun arreta integratuaren eredua aukeratzea eta lehenestea premiazkoa dela adierazten du, eta gaur eguneko osasun zerbitzuen kudeaketa finantziazio eta antolaketa ereduaren paradigmatzat jo. Dena den, ez dago integrazio eredu bakarra, unibertsala, edonon eta edonoiz aplikagarria denik; hainbat ikuspegitatik aztertu beharreko gaia da, ebidentzia sendoa behar lukeena erabakiak hartzerako orduan.
OMEk proposatutakoaren arabera, arreta integratua honako hau litzateke: diagnostikoarekin, tratamenduarekin, zaintzarekin, errehabilitazioarekin eta osasuna sustatzearekin zerikusia duten baliabideak, antolaketa, kudeaketa eta zerbitzu hornidura batzen dituen kontzeptua. Integratzea zerbitzuak hobetzeko modu bat da irisgarritasunari, kalitateari, erabiltzailearen gogobetetzeari eta efizientziari dagokionez.
Euskal Autonomia Erkidegoan Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) kontzeptua erabiltzen da egitura integrazioa garatzeko. Arreta zatikatuari aurre egiteko, eta batez ere, mailen arteko integrazioa eta koordinazioa bultzatzeko sortu diren egitura berriak lirateke ESIak. Lehen mailako arreta eta ospitaleak batzen dituen egitura berria da ESI, arlo klinikoa eta egitura edo antolaketa batasunaren bidean uztartzen dituena. Egituraren arloa hiru esparrutan bana daiteke: kudeaketa, finantziazioa eta informazio sistema. Helburua zerbitzu koordinatuak, efizienteak eta kalitatezkoak garatzea da.
Zerbitzu unitateek edo osasun erakundeek bat egiteak ez du bermatzen berez osasun arreta integratua. Edozein erakunde aldatzeko eta eraberritzeko, kultura aldaketa ezinbestekoa da. Horretarako, lidergo sendoak eta profesionalen, erabiltzaileen, kudeatzaileen eta gizarte eragileen inplikazioa eta euren arteko elkarlan estua funtsezkoak dira.
Osasun arreta integratuaren ereduak eremu elebidunetan eta eleaniztunetan nola funtziona dezakeen ez da orain arte aztertu, ezta hizkuntza aniztasunak ekar ditzakeen erronkak eta aukerak ere. Esan daiteke bi gaiak bere aldetik joan direla; batetik, osasun arreta integratua bera, eta bestetik, hizkuntza eta arretaren gaia. Osasun arreta integratua indarrean dagoen eredua izanik, eta hizkuntzaren gaiak berebiziko garrantzia duenez, biak era bateratuan aztertzea da Uda Ikastaro honen helburua, osasun arreta integratuan parte hartzen duten hainbat eragileren ikuspegitik.
Euskal Herrira begira, Osakidetzako hizkuntza plangintza 67/2003 dekretuan oinarrituta egon da batik bat; hau da, ESIak sortu baino lehenagoko araudian taxututa dago. Orain arte, adibidez, zerbitzu unitate bakoitzaren lehentasunak zehazteko, arreta eremuko euskaldunen ehunekoa kontuan hartu da.
Osasun arreta integratuaren ereduan, bai Euskal Herrian, bai nazioartean, hizkuntza gutxituan hitz egiten duten pazienteei arreta beren hizkuntzan ematea langile mota, diziplina, osasun zentro eta erakunde askoren arteko lana bilakatu da. Horrek guztiak erronka eta aukera berriak dakartza, besteak beste euskarri informatiko elebidunen garapena, pazienteen zerbitzu arteko bideratze eta partekatzeak edota profesionalen arteko hizkuntza mugak. Gurean, historia klinikoa bi ele ofizialetan egotea puri-purian dagoen gaia da. Nazioartean, Kanadan esaterako, estandar klinikoak sortu dira. Hortaz, eremu elebidunetan edo eleaniztunetan nola lan egin daitekeen aztertzea ere helburu du ikastaro honek.
Osasun arreta integratua ez da arlo klinikora mugatzen. Askoz konplexuagoa dela esan daiteke eta beste esparru batzuk hartzen ditu bere baitan: buru osasuna, zaintza lanak, farmazia komunitarioa, errehabilitazio zerbitzuak, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arreta, etab. Horrenbestez, ikastaro honek hainbat eremutako profesionalen esperientziak, ikuspegiak eta ekarpenak jasotzeko asmoa dauka.
Zer da osasun arreta integratua? Nola antolatzen da Euskal Herrian eta nazioartean? Zer nolako erronkak eta aukerak dakartza eremu elebidun eta eleaniztunetan? Zein da maila eta arlo ezberdinetako profesionalen ikuspegia? Pazienteena? Galdera hauei eta beste askori erantzuteko asmoz sortu da Uda Ikastaro hau.
Eremu elebidun eta eleaniztunetan osasun arreta integratua zer den eztabaidatzea.
Osasun arreta integratua Euskal Herrian nola antolatzen den aztertzea; baita nazioarteko eremu elebidunetan eta eleaniztunetan ere.
Gaiari buruzko maila eta arlo ezberdinetako osasun profesionalen ikuspegia ezagutzea.