2025eko Boga Boga Festibala irailaren 12tik 14ra bitartean ospatuko da. BOGA BOGA FESTIBALAK bere agertoki kaleko, irisgarri eta anitzenean jarri du bere begirada, Easo Plazan, eta irailaren 13ko eta 14ko asteburuan publiko guztietarako jaialdi honen epizentroa izango da.
12:00etatik 18:00etara, doako 12 emanaldiz baino gehiagoz gozatu ahal izango da plazan; horrela, argi geratzen da jaialdiak indarra hartzen ari den musikaren, tokiko eszenaren eta jai-formatuen aldeko apustua egiten duela.
Larunbatean, hilak 13, AIMARZ R&B-aren eta euskal eszena urbanoaren promesa gaztearekin hasiko da jaialdia. Jarraian, HENGE britainiar talde ospetsuak ikuskizun sailkaezin eta eldarniozkoa eskainiko du, rock psikodelikoaren eta galaxiarteko technoaren arteko musikarekin. Disko musika, funka eta musika elektronikoa nahasten dituen TROPICAZA kolektibo donostiarraren emanaldi tropikala izango dugu ondoren.
Arratsaldean, berriz, XENIA eta NUSAR izango dira protagonistak, Jägermusic-ekin lankidetzan, eta proposamen elektroniko abangoardistak eta giro limurtzaileak ekarriko dizkigute.
Igandean, irailak 14, MIKOSIS taldearekin jarraituko du doako egitarauak; tokiko musika-eszenako talderik lotsagabeenetakoa da Mikosis; haiekin batera, PUTAS AMAK taldea arituko da, queer reggaetonaren proiektua, euskal panoramara iraultza ekarri duena, bere hitz borrokalari eta dantzagarriekin. TROPICAZA taldeak errepikatu egingo du, eta beste musika-emanaldi bat eskainiko du.
Arratsaldearekin jarraitzeko, post-punk doinuak ekarriko dizkigu NAXKER taldeak, elektronika irmoa KILIKI taldeak, eta pop elektrikoa TATXERSek; horrela, handikiro amaituko dira Easo Plazako emanaldiak.
Espazio eta publiko ugariko jaialdia
Easo Plazaz gain, Miramar jauregiko Lorategiak berreskuratuko ditu aurten BOGA BOGA jaialdiak, hiru eszenatokirekin –bi kanpoak, Jauregiaren alde banatan, eta barruan beste bat, ezkutuan–, eta Estatuko zein nazioarteko 30 artista baino gehiagoko kartelarekin.
Besteak beste, han izango ditugu Gotts Street Park taldea, soularen eta ekoizpen analogikoaren arteko bere nahasketa sofistikatuarekin, baita León Benavente ere, Estatuko talderik onenetakoa zuzeneko emanaldietan; bi taldeok izango dira jaialdiaren gauetan nagusi.
Eta haiekin batera, askotariko proposamenak, hala nola Christian Löffler, Jacques, Brooke Combe, Kokoshca, Azuleja, Deadletter, Ke Lepo & Félix Buff edo Le Parody, beste askoren artean.
Ezkutuko Antzokian, Miramar Jauregi barruan dagoen eta jaialdiko espaziorik intimoena den gunean, tokiko artistek jardungo dute –Saguxar eta Eneritz Furyak kasu–, publikoarekin emozionalki konektatzeko moduko formatu batean.
Informazio gehiago: https://www.bogabogafestibala.eus/