Olagarroa, gastronomia eta itsas munduaren festa izango da Zumaian irailaren 20an. Olagarro-brotxetak eta olagarroa patatekin dastatzeko aukera izango da txosnetan, herri bazkaria izango da eguerdian —aurten, lehenengoz, Sagarbideko aterpean—, eta egun osoan zehar musika, dantza eta festa giroa izango dira nagusi.
Goizean elikagaien azoka izango da Eusebio Gurrutxaga plazan, eta, Argazki Rallya herri osoan zehar. Urteroko batel estropada 11:00etan hasiko da; izen-ematea zabalik dago oraindik. Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako tailer eta jolasak ere antolatu dituzte, eta Kofradiako arrainen salmenta aretoa ezagutzeko aukera izango da. Bestalde, Flyscheko olagarroa bisita gidatuak eskainiko dituzte. Musika emanaldiak ere ez dira faltako.
Zumaiako Udalak herriko elkarteen ekarpenari balioa eman nahi dio, eta horiek gabe Olarro Eguna ezinezkoa izango litzatekeela nabarmendu du.
Azken urteotan bezala, txosnetan erabiliko diren ontzi eta tresna guztiak konpostagarriak izango dira. Halako festa egunetan sortzen dugun hondakin kopurua murrizteko neurriak hartzea beharrezkoa da, eta, baita sortzen direnean birziklagarriak edo konpostagarriak izatea. Neurriak hartzearekin batera, herritarren kontzientziazioa sustatu nahi du Udalak, eta hondakinak behar bezala banatzeko eskatu die.
Azkenik, festak guztiontzako espazio atsegin eta seguruak izan daitezen, eraso eta jarrera matxisten aurkako jarrera hartzera deitu nahi ditu Udalak herritarrak. Horrekin batera, festaz ingurukoekiko zein inguruarekiko errespetuarekin gozatzeko deia egin nahi du Udalak. Azkenik, kontsumo arduratsurako deia egiten die herritar guztiei.
Ostiral honetan (irailak 5) arratsaldeko 15:00etan jarriko dituzte salgai Olarro Eguneko herri bazkariko txartelak, turismo bulegoan; prezioa 12 eurokoa da helduentzat, eta 8 eurokoa haurrentzat. Zapiak eta kamisetak dagoeneko salgai daude dagoeneko, 10 euroren eta 2 euroren truke, hurrenez hurren.