Iruñeko Udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak hiru literatur lantegi monografiko antolatu dituzte euskaraz, Hitza eta irudia lemapean. Zikloa irailaren 20tik urriaren 18ra bitarteko hiru larunbatetan eginen da, 10:00etatik 13:30era, eta haren helburu nagusia da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatzea eta idazleak elkar ezagutu eta prozesu eta dinamika horien jabe egitea.
Kondestablearen jauregian eginen diren lantegietan parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 010 (948 420 100) telefonoan, irailaren 4tik 19ko 14:00etara bitarte. Izen-ematea doan da eta hiru saioetarako izanen da. Taldea, gehienez, 15 lagunek osatuko dute.
Lehenengo lantegia irailaren 20an eginen da eta «Album Ilustratuak: Hitzen eta irudien arteko dantza» izena du. Bertan hainbat album ilustratu aztertuko dira, testuak eta irudiak nola integratzen diren ikusteko; ondoren, ilustrazioetatik abiatuta testuak sortu eta hitzei irudiak erantsiko dizkiete, eta azkenean, bi kodeak aldi berean erabiliko dituzte. Lehenengo lantegia Ane Labaka Mayoz (Lasarte-Oria, 1992) bertsolari eta idazleak emanen du, zeinak aurten «Hezur berriak» bere lehen poema-liburua argitaratu baitu.
Bigarren lantegia urriaren 4an eginen da eta eleberri grafikoak izanen ditu ardatz. Ikuspegi praktikoaz, eleberri grafikoa zertan datzan, bere ezaugarriak eta aniztasuna errepasatu, eta ondoren, ideiak egituratzeko eta istorioaren garapena lantzeko ariketak eginen dira, bai eta erritmo zehatza lantzekoak ere. Yurre Ugarte idazle eta gidoilari tolosarrak gidatuko du, zeinak narrazio-bildumak, marrazki bizidunen filmak, antzezlanak eta haurrendako liburuak egin baititu. Halaber, telebista kateendako hamaika telesailetan sortzaile, gidoilari eta editore aritu da.
Urriaren 18an zikloari amaiera ematen dion lantegiak poesiaren eta irudien arteko harremana du ardatz, hitzek irudikatzen dituzten irudietatik abiatuta, irakurleen irudimenean sortzen ahal diren poema edo errealitate anitzen abiapuntu bihurtzen baitira. Lantegian teoria eta praktika uztartzen dira, sormena eta irudimena taldean lantzeko, Iosune de Goñi García idazle, argazkilari eta itzultzailearen eskutik. Egile horrek literatura eta argazkia uztartzen dituzten hainbat proiektu egin ditu, hala nola fanzineak, argazki-liburuak, errezitaldiak eta erakusketa hibridoak.
HITZEN MINTEGIKO LANTEGIAK
1. lantegia. Irailak 20, larunbata: «Album Ilustratuak: Hitzen eta irudien arteko dantza»
Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazlearen eskutik
2. lantegia. Urriak 4, larunbata: «Eleberri grafikoak»
Yurre Ugarte idazle eta gidoilariaren eskutik
3. lantegia. Urriak 18, larunbata: «Poesia eta irudia»
Iosune de Goñi García idazle, argazkilari eta itzultzailearen eskutik