BBK-k Waterlicht aurkeztuko du, berotze globalaren inguruan kontzientziatzeko Bilbo urpean utziko duen ikuskizuna
Amsterdam, Paris, Dubai edo New York hirietatik igaro ostean, irailaren 17an, asteazkena, BBK-k Daan Roosegaarde artista holandarraren Waterlicht lana ekarriko du Bilbora. Murgiltze-lan bat da, artea eta teknologia uztartzen dituena uholde birtuala ¿kasu honetan Itsasmuseumeko zabaldegiarena¿ birsortzeko, klima-aldaketaren eraginari buruz hausnartzeko eta planetarekin erlazionatzeko dugun modua birpentsatzeko gonbidapen gisa.
Izan ere, LED argiak, lente optikoak eta programazio-sistema konplexu bat erabiliz, Waterlichtek aukera ematen dio publikoari, klima-aldaketaren aurrean jarduten ez badugu, uraren maila zenbat igo daitekeen esperimentatzeko. Ikuskizun honek edertasun bisual handia konbinatzen du eta, aldi berean, ingurumen-krisiari buruzko arreta-deia da.
Waterlicht esperientzia kolektibo bat da, eta BBK Banku Fundazioak ingurumen-jasangarritasunarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa islatzen du. Banku-fundazio gisa 10 urte bete dituela eta, 2025ean BBK garatzen ari den programazio bereziaren barruan kokatzen da ekintza.
Bere edertasun bisualaz eta karga sinboliko indartsuaz haratago, Waterlicht modu naturalean konektatzen da BBK Klimaren espirituarekin, proiektu horretatik bultzatzen baititu BBK-k klima-aldaketari aurre egiteko benetako ekintzak. Obra honek hunkitu ez ezik, ingurumen-hezkuntzaren eta berrikuntza jasangarriaren aldeko apustu sendoa ere islatzen du. Bilbora ekartzean, BBK-k berriro erakutsi du artea ere izan daitekeela gizartea eta ingurumena aldatzeko eragilea.
Naturarekin dugun harremanari gertutik begiratzera gonbidatzen gaitu BBK Klimak proiektu sortzaileen bidez, eta Daan Roosegaarde-ren lanak gure planetaren hauskortasuna sentiarazten digun hizkuntza bisual bihurtzen du ura. Bai BBK Klimak, bai Waterlichtek, begiratzera ez mugatzea bilatzen dute, baizik eta sentitu, konektatu eta elkarrekin hausnar dezagula ingurumenaren etorkizunari buruz.
Murgiltze-obra irailaren 18, 19 eta 20an izango da Itsasmuseum Bilbao edo Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko Zabaldegian, 21:30etik aurrera. Sarrera doakoa da.
Nora Sarasolak, BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak, honako hau azpimarratu du: «Gure 10. urteurrenean, eraikitzen ari garen etorkizunari eta klima-aldaketaren aurrean arduraz jokatu beharrari buruzko hausnarketa kolektiboa egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Horretarako, artea baino gauza hoberik ez dago, ingurumen-arazo bat gizarte-aldaketa aktibatzeko ahalmena duen esperientzia emozional bihurtzeko gai da eta».
Horren haritik, Daan Roosegaardek berak bere obrari buruz azaltzen duenez, Waterlicht «etorkizun hobe baterako aktibatzailea da, eta urarekin bizitzearen zaurgarritasuna eta indarra nabarmentzen ditu aldi berean».