Euskarazko Literatur Solasaldiak hilean behin izango dira, asteazken batean, arratsaldeko 18:00etan. Adania Shibliren ‘Detaile xume bat’ izango da solasgai Mikel Antzak gidatutako lehen saio honetan.
Gaztelaniaz irakurri nahi duenarentzako, Club de Lectura asteazkenetan bilduko da; hau ere hilean behin, arratsaldeko 18:30ean, Monica Quijanok dinamizatuta. Elena Ferranteren ‘La amiga estupenda’ izango da lehen irakurgaia.
English Reading Clubeko partaideek bi hilerik behin izango dute hitzordua, ostegunetan, arratsaldeko 19:45ean. Colm Toibinen ‘Brooklyn’ eleberria aztertuko dute lehenik; hala, ingelesez aritzeko aukera izango dute Joseph Riopelle elorriarrak gidaturiko jarduera honetan.
Partaideei liburutegiak eskainiko dizkie ikasturtean zehar jorratuko diren liburuak.
Gaztetxoentzat ere bai
9 urtetik gorako gaztetxoek ere izango dute beraien txokoa: Berba Parranda, Oihana Etxegibelekin. Hilabete bakoitzeko asteazken batean adin beretsuko irakurzaleek beraien iritzi eta komentarioak egiteko aukera izango dute ordubetez. Adinaren arabera, bi talde egingo dira: arratsaldeko 17:00etan 9-10 urtekoak, eta, 18:00etan, 11-12 urtekoak. Edozein argibide behar izanez gero, jo liburutegira, deitu 946 032 032ra edo idatzi liburutegia@elorrio.eus posta helbidera.