Donostia Kulturak eta Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya (ESCAC) erakundeak hitzarmen bat sinatu dute, ikus-entzunezkoen sektorean lanbide gaitasunak eskuratzeko hiru ikastaro eskaintzeko. Larrotxene Kultur Etxean (Larrotxene Bideo) egingo dira, 2025eko urria eta 2026ko otsaila bitartean.
Donostia Kulturaren Larrotxene Bideo zentro espezializatuak eta ESCAC eskolak elkarlanean, ikus-entzunezkoen sektorean espezializatutako ikastaro eskaintza berria jarriko dute martxan 2025eko udazkenean. Ikastaroen helburua da sektoreko eskulan tekniko kualifikatuaren eskaria asetzea eta laneratzea erraztea.
Ikastaro hauek Off ESCAC programaren baitan eskaintzen dira, eta Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak eta Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatzen dituzte. Mikrokredentzialetan oinarrituta daude, 15 ECTS kreditu ematen dituzte eta ESCAC ziurtagiria jasotzen da amaieran. Parte hartzeko, Espainian legezko bizilekua duten eta 16 urtetik gorako pertsonek izena eman ahal izango dute. 150 euroko fidantza eskatuko da, baina ikastaroa amaitu eta ziurtagiria lortzen dutenek itzultzeko eskubidea izango dute.
Eskolak Larrotxene Kultur Etxeko prestakuntza aretoetan izango dira, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Lehen ikastaroan izena emateko epea irailaren 10ean irekiko da eta gainerakoak ikastaroa hasi eta hilabete lehenago. Izen-ematea ESCACen webgunearen bidez egin beharko da.