Bueltan da EN VIVO jaialdia. Oraingoan Iruñean izango da, 2025eko irailaren 19an, Navarra Arenan. Kartelburu Kase.O artista izango da, musikaren industrian 30 urte bete dituela ospatzeko.
SFDK taldearen 30. urteurreneko kontzertura joan zelarik piztu zitzaion Kase.Ori musikaren munduan hiru hamarkadatik gorako ibilbidea zaleekin ospatzeko irrika. Orain arteko bidearen errepasoa egiteko modu bat, lan berriaren ekoizpenean buru-belarri murgildu aurretik; aro baten amaiera eta aro berriaren hasiera. Hurrengo erronken aurrean, makina koipeztatzeko eta bere jarraitzaileen energiaz betetzeko modu bat, haien hutsune handi-handia sumatu ostean. Jaialdiko kontzertu hau bakarrik emango du Estatuko iparralde osoan, eta ikuskizun esklusibo eta errepikaezina ikusteko aukera eskasetako bat izango da, sorpresaz beteriko showa prestatu baitu, nostalgiak bezainbesteko garrantzia izanik ospakizunak.
Gaztelaniaz egindako hip hop musikaren garai guztietako erreferente nagusietako bat da Kase.O; hasieran, Violadores del Verso taldearekin batera ekin zion musika-ibilbideari 1998. urtean, eta berehala bilakatu ziren eragin handieneko taldeetako bat. Dena den, bakarka egin duen bidea ere ez da makala. El Círculo bigarren diskoarekin marka guztiak urratu zituen, bai salmentei dagokienez, bai kontzertuetako ikus-entzuleei dagokienez. Disko horren biraren barruan 52 kontzertu eskaini zituen 7 herrialdetan, eta 500.000 ikusle baino gehiago bildu zituen.
Navarra Arenak 17:30ean irekiko ditu ateak, eta La Furia izango da lehenengoa oholtzara igotzen, 18:00etan, bere zuzeneko bortitz eta konprometituarekin jaialdiari hasiera emateko. Ondoren Huda arituko da 18:40ean; raparen eta hip-hoparen bidez hainbat kultura uztartzen dituen ahots gaztea da. 19:30ean Laura Sam izango da protagonista, indar eszeniko paregabeaz eta poesia eta erritmoa nahasten dituzten testuez lagunduta. 20:30ean, Juancho Marqués igoko da oholtzara bere flow dotorearekin eta letra introspektiboekin. Eta, azkenik, eszena urbanoaren izen handietako bati egingo zaio lekua: Delaossa, 22:00etan arituko da, arrakastez, jarreraz eta egia gordinez betetako emanaldiarekin.
Uneik desiratuena 00:10ean iritsiko da, Kase.Oren emanaldiarekin. Bere jendearekin berriz elkartzeko une gogoangarria izango da, bere unibertso sonoroan barrena egindako ibilbide eszeniko bihurtuko dena, lirika zorrotzaz, emozioz eta errepikaezina den energiaz betea.
EMANALDIAK
HerriKultura funciona gracias a WordPress