Azarotik aurrera, Bibat – Arabako Arkeologia Museoak «Erdi Aroko herrixkak Euskal Autonomia Erkidegoan» erakusketa aurkeztuko du, Larreina, J. J. Larrea eta I. García komisarioen eskutik. Erakusketa herrixkei buruzkoa izango da; hau da, herrixkak XI. eta XII. mendeetako populatze modu bereizgarri gisa, eta garai hartako bizimoduei ere helduko die.
Donemiliagako Goldea izeneko dokumentua Donemiliaga Kukulako Monasterioan gordetzen da, eta 1025. urtean monasterioari zergak ordaintzen zizkioten Arabako herrien zerrenda bat jasotzen du, Araba eta Errioxa Iruñeko Erresumako kide ziren garaian. Haien artean lehen aldiz agertzen dira Gastehiz, Hagurahin edo Dullanzi.
Dokumentu hau funtsezkoa da Arabako Erdi Aroko populazioa, haren antolaketa soziala eta politikoa eta euskararen bilakaera historikoa ezagutzeko toponimiaren bidez.