MAZ Basauriren 13. edizioa azaroaren 7an (ostirala) eta 8an (larunbata) izango da, eta aurten ere Social Antzokian ordainpeko kontzertuak eta kaleko doako ikuskizunak uztartuko ditu.
Antzokiko programazioak izen nabarmenak izango ditu: Los Punsetes, León Benavente, Triángulo de Amor Bizarro eta Toundra.
Duela bi hamarkada baino gehiago bere burua honela definitzen zuen talde batek debuta egin zuen: «Bost gara, Madrilgoak gara eta (Eduard) Punset maite dugu». Euren izen bereko lehen diskoan, Los Punsetesek belaunaldi oso batentzat ispilu izan ziren letrak sortu zituzten. ‘Tus amigos’, ‘Opinión de mierda’, ‘¡Viva!’ edo ‘Una persona sospechosa’ dira beraien abesti ezagunetako batzuk.
2024an, ‘Madrid me ataca’ disko laburra eta ‘Que le den por culo a tus amigos’ bilduma argitaratu zituzten. Azken honetan, taldearen 20. urteurrena ospatu dute euren abesti ospetsuenak Los Planetas, Sidonie, Hidrogenesse, Carolina Durante, Shego edo Triángulo de Amor Bizarro bezalako beste artista batzuekin batera berriz grabatuz.
Hain zuzen ere, azken horiek, Triangulo de Amor Bizarro galiziarrek, Los Punsetesekin partekatuko dute agertokia azaroaren 8an, larunbatean, Social Antzokian. Coruñako hirukoteak ere 2 hamarkadako ibilbidea bete zuen iaz, eta, kontzertu jendetsu batekin eta eszenatoki gainean kolaboratzaile askorekin ospatu beharrean, areto txikietako bira baten aldeko apustua egitea erabaki zuten, arriskua eta ezustekoa besarkatuz. Izan ere, emanaldi bakoitzean euren sei diskoetako bi jo baitzituzten, osorik eta abestien jatorrizko ordena errespetatuz, eta zoriak erabaki zuen zeintzuk izango ziren gau bakoitzeko 2 lanak.
Los Punsetes eta Triángulo de Amor Bizarro Bilbon izango dira MAZ Basaurira iritsi baino egun batzuk lehenago, KEXP Sessions-etan, Seattle-en egoitza duen irrati publiko estatubatuar ospetsuaren grabaketetan. Oso pertsona gutxik edukiko dute grabaketetara (artista bakoitzak abesti gutxi batzuk jotzen ditu) sartzeko aukera, baina azaroaren 8an bi taldeak MAZ Basauriko agertokira igoko dira 700 lagunentzako edukierarekin eta ohiko iraupena duten kontzertuekin. Beatriz Álvaro arabarrak eta Jaime Buenaventura madrildarrak sortutako Edgar Allan Pop taldeak osatuko du larunbateko jardunaldia, hilaren 8an, Social Antzokian. Duela gutxi boskote izatera pasatu dira, eta Rockeinen 2024ko edizioan Eskarabilera saria eskuratu ondore, bere abesti berriak aurkeztuko dituzte MAZen.
Azaroaren 7an, ostirala, Social Antzokian León Benavente izango da kartelburu. Abraham Boba, Eduardo Baos, Luis Rodríguez eta César Verdúren taldea Basaurira itzuliko da, zikloaren 2017ko edizioko kontzerturako sarrerak agortu eta 8 urtera. Iaz ‘Nueva sinfonía sobre el caos’ argitaratu zuten, disko labur eta zuzena, egitura klasikoko abestiak baina ausartak eta arriskutsuak; kanta boteretsuak, hedonistak eta, aldi berean, gogoetarako aukera ematen dutenak.
Toundra madrildarrekin kartela partekatuko dute. Azken bisita egin eta 6 urtera MAZera itzuliko dira, taldekide batzuk aldatu eta gero. 2008an lehen diskoa kaleratu zutenetik egin duten ibilbide oparoko abesti onenetako batzuk joko dituzte. Europa mailan rock instrumentalaren alorrean dagoen talde onenetako bat izanda, beren zuzenekoetan hain adierazgarria den atmosfera berezi hori sortuko dute berriro Social Antzokian.
Rubia, kaleko doako programazioaren izen handia
Larunbateko, azaroak 8, kaleko doako kontzertuen artean izen nagusia Rubia izango da. Bere azken lana, ‘Only For Lovers’, 2020an argitaratu zen, baina bere aurkezpen bira ez zen inoiz egin pandemiaren ondorioz. 5 urte geroago, Sara Íñiguez getxotarrak bere proiektua berpiztu du, Vigoko rock eszenako musikari nabarmenez inguratuta, Rubiaren estudioko bosgarren disko hau aurkezteko.
Rubiarekin batera, 2024ko Rockeinen saritutako beste bi proiektu izango dira larunbat arratsaldeko doako programazioan: Monday Potions (Hego Uribeko talderik onena) eta Ben Santana (Kategoria nagusiko irabazlea).
Larunbateko goizeko hamaika eta erdietan hasiko den Txiki MAZeko ikuskizunen buru Maialen Ibarra basauriar kantautorearen (2024ko Rockeinen euskarazko artistarik onena) kontzertua izango da.
MAZen familia-programazioaren barruan ‘J.M. Brutal’ antzezlana ere dago. Iñigo Iraultza aktoreak zuzendu eta protagonizatutako lana Joxe Mari Getariako izozkigileari buruzkoa da, 1943ko ekainean 11 egunez II. Mundu Gerra geratzeko gai izan zena: erabili zituen arma bakarrak bere sorbete izoztuak eta Kantauri itsasoa baino inozentzia handiagoa izan ziren. Antzezlana, nagusiki, euskaraz egingo da.
Txiki MAZen programazioa klasiko batek osatuko du, Mr. Chase-ek, alegia. Haur eta gaztetxoentzako DJ ikastaro txikia emango du eta DJ saioa Reyes Toríorekin partekatuko du. Reyes 90eko hamarkadaz geroztik Bartzelonan bizi den getxotarra da eta musikaren industriaren barruan ia rol guztiak bete dituen lehen emakumeetako bat: artista (Dinamita pa los Pollos), diskoetxe baten sortzaile eta zuzendaria (Al.leluia Records), musika-ekoizlea, programatzailea (BAM, Stash Club Apolo aretoan), aholkularia (Gibson), festibal bateko zuzendaria (100% Girl Power), irrati bateko zuzendari eta esataria (Ciba On Air) eta, nola ez, DJa Estatuko rock jaialdi garrantzitsuenetan.
‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren edizioa
Azkenik, 2025eko MAZ Basauriren lehen egunaren bezperan, azaroaren 6an, osteguna, 18.00etan, Marienean, Basauriko Emakumeen Etxean (Kareaga Goikoa, 54), ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia egingo da. Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea bilatzen duena, sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko helburuarekin. 2025ean, La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira protagonistak. Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia, eta doakoa izango da.
Sarreren salmenta eta barra zerbitzua
MAZ Basaurik Social Antzokian emango dituen kontzertuetarako sarrerak gaur, eguerdiko 12etan, jarriko dira salgai socialantzokia.eus webgunean, antzokiko leihatilan edo Kutxabank sarean. Sarrerak 12 € + gastuak balio du aldez aurreko salmentan eta 15 € kontzertuaren egunean bertan, leihatilan. Kontzertuak zutik ikusiko dira eta barra-zerbitzua egongo da prezio merkeetan.
MAZ BASAURI 2025: EGITARAUA
Ostirala, azaroak 7
Social Antzokia, 12€+gastuak aldez aurretik /15€ egunean bertan
20.30 Ateen irekitzea
21.00 Toundra
León Benaventeren ordutegia aurrerago zehaztuko dira
Larunbata, azaroak 8
Txiki MAZ
Kalean, aurrerago zehaztuko den toki batean, doan
11.30 Txiki MAZen hasiera
Reyes Torío & Mr Chase, J. M. Brutal eta Maialen Ibarra
Ikuskizunen ordena eta ordutegiak aurrerago zehaztuko dira
MAZ Kalean
Kalean, aurrerago zehaztuko den toki batean, doan
17.30 Kontzertuen hasiera
Ben Santana, Monday Potions eta Rubia
Ordutegiak aurrerago zehaztuko dira
Social Antzokia, 12€+gastuak aldez aurretik /15€ egunean bertan
20.30 Ateen irekitzea
21.00 Edgar Allan Pop
Triángulo de Amor Bizarro eta Los Punsetesen ordutegiak aurrerago zehaztuko dira
Social Antzokiko kontzertuetarako sarreren salmenta:
MAZ Basauri Basauriko Udalak sustatzen du. Aurreko 12 edizioetan, udalerria erreferente musikal gisa kokatu du, eta Basauriko kultura-, merkataritza- eta ostalaritza-bizitzarako pizgarria izan da.