MAZ Basauriren 13. edizioa azaroaren 7tik 8ra izango da, eta Social Antzokian ordainpeko kontzertuak eta kaleko doako ikuskizunak uztartuko ditu berriz ere. Social Antzokiaren ordainpeko programazioak izen nabarmenak izango ditu: Los Punsetes, Leon Benavente, Triangulo de Amor Bizarro, Toundra, besteak beste.
Azaroaren 7an, ostirala, Social Antzokian León Benavente izango da kartelburu. Abraham Boba, Eduardo Baos, Luis Rodríguez eta César Verdúren taldea Basaurira itzuliko da, zikloaren 2017ko edizioko kontzerturako sarrerak agortu eta 8 urtera. Iaz ‘Nueva sinfonía sobre el caos’ argitaratu zuten, disko labur eta zuzena, egitura klasikoko abestiak baina ausartak eta arriskutsuak; kanta boteretsuak, hedonistak eta, aldi berean, gogoetarako aukera ematen dutenak.
Toundra madrildarrekin kartela partekatuko dute. Azken bisita egin eta 6 urtera MAZera itzuliko dira, taldekide batzuk aldatu eta gero. 2008an lehen diskoa kaleratu zutenetik egin duten ibilbide oparoko abesti onenetako batzuk joko dituzte. Europa mailan rock instrumentalaren alorrean dagoen talde onenetako bat izanda, beren zuzenekoetan hain adierazgarria den atmosfera berezi hori sortuko dute berriro Social Antzokian.