MAZ Basauriren 13. edizioa azaroaren 7tik 8ra izango da, eta Social Antzokian ordainpeko kontzertuak eta kaleko doako ikuskizunak uztartuko ditu berriz ere. Social Antzokiaren ordainpeko programazioak izen nabarmenak izango ditu: Los Punsetes, Leon Benavente, Triangulo de Amor Bizarro, Toundra, besteak beste.
Duela bi hamarkada baino gehiago bere burua honela definitzen zuen talde batek debuta egin zuen: «Bost gara, Madrilgoak gara eta (Eduard) Punset maite dugu». Euren izen bereko lehen diskoan, Los Punsetesek belaunaldi oso batentzat ispilu izan ziren letrak sortu zituzten. ‘Tus amigos’, ‘Opinión de mierda’, ‘¡Viva!’ edo ‘Una persona sospechosa’ dira beraien abesti ezagunetako batzuk.
2024an, ‘Madrid me ataca’ disko laburra eta ‘Que le den por culo a tus amigos’ bilduma argitaratu zituzten. Azken honetan, taldearen 20. urteurrena ospatu dute euren abesti ospetsuenak Los Planetas, Sidonie, Hidrogenesse, Carolina Durante, Shego edo Triángulo de Amor Bizarro bezalako beste artista batzuekin batera berriz grabatuz.
Hain zuzen ere, azken horiek, Triangulo de Amor Bizarro galiziarrek, Los Punsetesekin partekatuko dute agertokia azaroaren 8an, larunbatean, Social Antzokian. Coruñako hirukoteak ere 2 hamarkadako ibilbidea bete zuen iaz, eta, kontzertu jendetsu batekin eta eszenatoki gainean kolaboratzaile askorekin ospatu beharrean, areto txikietako bira baten aldeko apustua egitea erabaki zuten, arriskua eta ezustekoa besarkatuz. Izan ere, emanaldi bakoitzean euren sei diskoetako bi jo baitzituzten, osorik eta abestien jatorrizko ordena errespetatuz, eta zoriak erabaki zuen zeintzuk izango ziren gau bakoitzeko 2 lanak.
Los Punsetes eta Triángulo de Amor Bizarro Bilbon izango dira MAZ Basaurira iritsi baino egun batzuk lehenago, KEXP Sessions-etan, Seattle-en egoitza duen irrati publiko estatubatuar ospetsuaren grabaketetan. Oso pertsona gutxik edukiko dute grabaketetara (artista bakoitzak abesti gutxi batzuk jotzen ditu) sartzeko aukera, baina azaroaren 8an bi taldeak MAZ Basauriko agertokira igoko dira 700 lagunentzako edukierarekin eta ohiko iraupena duten kontzertuekin. Beatriz Álvaro arabarrak eta Jaime Buenaventura madrildarrak sortutako Edgar Allan Pop taldeak osatuko du larunbateko jardunaldia, hilaren 8an, Social Antzokian. Duela gutxi boskote izatera pasatu dira, eta Rockeinen 2024ko edizioan Eskarabilera saria eskuratu ondore, bere abesti berriak aurkeztuko dituzte MAZen.