Arabako Foru Aldundiak eta Urrezko Zeledonen Erakundeak, Arabako Kontzejuen Elkartearekin (ACOA-AKE) eta Gasteizko Kontzejuen Elkartearekin (ACOVI) lankidetzan, Arabako kontzejuei eta horiek mendeetan izan duten bilakaerari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte.
Jardunaldi hauen helburua Vitoria-Gasteizko eta lurralde osoko herritarrei kontzejuen iragana eta oraina hurbiltzea da. Erakunde hori berezia da Euskadin, eta gure herrien bizitza demokratikoaren eta komunitarioaren oinarria da.
Arabako kontzejuak nortasun juridiko propioa eta beren interesak kudeatzeko erabateko autonomia duten toki-erakundeak dira. Mendeetan zehar bizirik mantendu dituzte beren usadioak eta ohiturak, eta garai bakoitzera egokitu dira, beren esentzia galdu gabe. Gaur egun, Arabako kontzejuak partaidetzaren, elkarrizketaren eta auzo-akordioaren eragile izaten jarraitzen dute.
Laura Pérez Borinaga Lurralde Oreka eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak azpimarratu duenez, «kontzejuak autogobernu hurbilaren eta parte-hartzailearen adibiderik onena dira; eredu bakarra da Estatuan, eta Arabako nortasunaren parte da».
Era berean, Pérez Borinagak erakundeen arteko lankidetza horren garrantzia azpimarratu du: «Urrezko Zeledonen Erakundearekin batera lan egiteak aukera ematen digu ondare historiko, politiko eta kultural horri ikusgarritasun handiagoa emateko eta herritarrei zuzenean helarazteko».
Egitarauak bi hitzaldi eta bisita gidatu bat biltzen ditu tailerrarekin:
Irailak 23 – «Nola gobernatzen ziren Arabako herriak Erdi Aroan?»
Hizlariak: José Ramón Díaz de Durana (historialaria) eta Elena Martínez de Madina (filologoa).
Ignacio Aldekoa Kultur Etxea, 19:00etan.
Irailak 30 – «Arabako kontzejuen bilakaera Aro Garaikidean»
Hizlariak: José María Ortiz de Orruño (historialaria) eta Elena Martínez de Madina (filologoa).
Ignacio Aldekoa Kultur Etxea, 19:00etan.
Urriak 11 – Bisita gidatua eta tailerra Elorriagan
Ibilbidea: Hijosdalgo Zaldunen Etxea eta bere artxiboa — ACOVI eta ACOAren egoitza — eta San Pedro eliza.
Hizlariak: Ismael García Gómez (historialaria), Elena Martínez de Madina (filologoa) eta ACOA eta ACOVIko ordezkariak.
Elorriaga, 11:00etan.
Azkenik, diputatuak jardueretan parte hartzeko deia egin die herritarrei: «Aukera paregabea da kontzejuen historia eta indarraldia gertutik ezagutzeko, Arabako tokiko demokraziaren iragana, oraina eta etorkizuna baitira».