Cargando Eventos

« Todos los Eventos

«Jorge Oteizaren uharte utopikoa. Zorrotzaurreren inguruko iruditeriak eta modernitatearen amaierako arteak»

octubre 14 - noviembre 8

  • Mugak/ Bienalak “Jorge Oteizaren uharte utopikoa. Zorrotzaurreren inguruko iruditeriak eta modernitatearen amaierako arteak” proiektua aurkeztuko du
  • Oteiza Museoak eta Ahikuk sustatu dute ekimena, eta Donostian eta Bilbon eginen da 2025eko urriaren 14tik azaroaren 8ra bitartean, San Telmo Museoaren, Azkuna Zentroaren eta Krean Taldearen laguntzarekin

Mugak/Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bosgarren edizioaren barnean, “Jorge Oteizaren uharte utopikoa. Zorrotzaurreren inguruko iruditeriak eta modernitatearen amaierako arteak” proiektua izanen da. Egitasmo horren bidez, hausnarketarako gune bat sortu nahi da, Oteizak eta arkitekto-talde batek 1994. urtearen amaieran Zorrotzaurrerako diseinatu zuten proiektuaren inguruan. Hala, aztergai izanen da arkitekturarekin eta artearekin lotutako gure memoria kulturala.

Proiektu hori Oteiza Fundazioak sustatua da, Ahiku – Arkitektura eta Hiri Kultura elkartearekin batera. Era berean, lankide izan ditu San Telmo Museoa, Azkuna Zentroa eta Krean Taldea. Orobat, zenbait programa publiko eta ekintza pedagogiko eginen dira Bilbon eta Donostian 2025eko urriaren 14tik azaroaren 8ra bitartean, eta, horretaz gainera, Santos Bregañak eta Emilio Varelak idatziriko Oteiza eta hiri mugigaitza. Zorrotzaurre uhartearen antolamendua. Bilbo, 1994 argitalpena aurkeztuko da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak finantzatu du, Open Mugak/ Bienalaren deialdia baliaturik.

Jorge Oteizaren ibilbidearen kapitulu ezezagun baten berrikuspenetik abiatua da programa hori. 1994an, arkitektoz eta arkitektura-ikaslez osaturiko talde batek proposamen bat egin zuen Thyssen Arquitectura etxeak antolatutako lehiaketa baterako, zeinak Zorrotzaurre penintsula antolatzea planteatzen baitzuen, Bilboko itsasadarrean. Iñaki eta Jon Begiristain anaiek zuzendu zuten Santos Bregaña, Mikel Enparantza, Bakarne Iturrioz, Emilio Varela, Javier Perez eta Javier Zundak osatutako talde hura, eta bi anaiek antolatu zituzten, orobat, kolaboratzaileekin izaniko topaketak. Jorge Oteizak gainbegiratu eta aholkatu zuen hura guztia, Ramon Zalloren programari eta Iñaki Zubizarretaren kontsultei jarraikiz.

Eskultorearen ibilbidean inoiz ikusi gabeko pasarte horri esker, artistak estetikaren eta arteen arloko ikerketei buruzko ideiak proiektatu ahal izan zituen Bilbon, eta hiria eta lurraldea egiteko moduan aplikatu zituen. Proposamen horrek hausnarketa-esparru bat sortu nahi du proiektu horretatik abiatuta. Hala, aukera izanen da, batetik, gure historiako proiekturik berezienetako —eta gutxien ezagutzen denetako— bat aztertzeko, eta, bestetik, Jorge Oteizak eta beste sortzaile batzuek (Nestor Basterretxeak eta Juan Daniel Fullaondok, kasurako) artean eta estetikan oinarriturik eginiko ekarpenak berrikusteko eta testuinguruan kokatzeko. Egikaritu gabeko proiektuak dira, batzuetan gauzaezinak eta funtsean porrot eginikoak. Haien bitartez, barnean dituzten inguru utopikoak mugatzen ahalko dira, eta, atzera begira paraturik, ikusten ahalko da ezen utopia eta haren kontrako aldea —hots, porrota— modernitatearen amaiera ekarri zuten anbizioen neurria baino ez direla. Utopia kontzeptuaren eta Jorge Oteiza euskal eskultoreak Zorrotzaurre uharterako eginiko proposamenaren arteko hartu-eman horri esker, hirien etorkizunari buruzko zenbait gai aztertzen ahal dira Mugak/Nazioarteko Arkitektura Bienalaren bosgarren edizio honen esparruan: “Gazteluak airean: nola eraiki gaur egungo utopia”.

Local

Jorge Oteiza Fundazio Museoa
C/ de la Cuesta, 24. Alzuza
Valle de Egüés/Eguesibar, Navarra 086 España