Cargando Eventos

« Todos los Eventos

«Haur- eta gazte-literatura itzultzen» ikastaroa 2025

octubre 28 - octubre 29

Munduko kulturak jabetu zirelarik haurtzaroa eta gaztaroa bizitzako beste aldietatik bereizten direla eta haurrek eta gazteek berezko beharrizanak dituztela, haientzako literatura sortu zen, haur- eta gazte-literatura (HGL). Haren bidez, adierazpide bat eta mundu-ikuskera bat zabaltzen zaie, baina, horretaz gain, HGLa hizkuntza da, kultura, eta, oroz gain, literatura.

Hori kontuan hartuta eta, gainera, jakinik euskal HGLan argitalpen kopuru osoaren bi heren inguru dela itzulpena, esan daiteke HGLa itzultzea ez dela nolanahiko erantzukizuna.

Bi egunetan banatutako ikastaro edo lantegi honetan biei erreparatuko zaie, haur-literaturari (eta bertan ohikoak izan daitezkeen fenomenoei: irudiaren eta testuaren arteko loturari, errimei eta hitz-jolasei) eta gazte-literaturari (eta honen barruan, batez ere, gazte-hizkerari).

Itzulgaiak banatuko dira (ingelesezko edo gaztelaniazko bertsioak izango dira), eta helburua da parte hartzaileek horiek ikastarora itzulita edo, gutxienik, landuta eramatea eta mahai gainean jartzea haur eta gazteentzat itzultzean sortzen diren kezkak, zailtasunak edo baita lorpenak ere. Generoak kontrakoa iradoki balezake ere, HGLaren itzulpena ez da haur-jolas bat edo muntarik gabeko umekeria bat, eta ikastaroak hausnarketa eta praktika kontzienteago bat bultzatu nahi ditu.

Irakaslea: Naroa Zubillaga Gomez.

Noiz: 2025eko urriaren 28an eta 29an.

Ordutegia: 16:30-19:30.

Ordu kopurua: guztira 6 ordu.

Non: Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Prezioa

Bazkideak: 70 euro.
Bazkide ez direnak: 90 euro.

Izena emateko epea: 2025eko urriaren 8tik 15era (biak barne).

Oharra:

Ikasle kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.
2025eko urriaren 17an jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.

Izena eman

Local

Euskaltzaindia. Gipuzkoako ordezkaritza
Donostia / San Sebastián, Gipuzkoa 069 España