Bilboko Udal Txistulari Bandak 2025-2026 denboraldirako kontzertuen programazioa aurkeztu du gaur goizean. «Olatuetan» datorren asteartean, urriak 14, hasiko da eta datorren urteko martxoaren 24an amaituko da.
Bilboko Udal Txistulari Bandak denboraldi berriari hasiera eman dio, erreferente historikoen berreskurapena, beste diziplina artistikoekin fusioa eta euskal kultur sustraien ospakizuna uztartzen dituen programazio anitzarekin. Bost kontzertu Euskalduna Jauregian izango dira, eta beste hiru ikuskizun Campos Elíseos antzokian eskainiko dira.
Zikloa Euskalduna Jauregian hasiko da urriaren 14an Ansorenatarren Danbolinarekin, Isidro Ansorenari bere heriotzaren 50. urteurrenean egindako omenaldiarekin. XX. mendearen hasieran txistuaren hedapenean funtsezkoa izan zen Ansorena interpretea, irakaslea eta konpositorea. Bandak bere ondarea gogoratuko du gitarra eta proiekzioak barne hartuko dituen kontzertu batekin, bere pieza eta moldaketa esanguratsuenetako batzuk berreskuratuz.
Azaroaren 5ean Kimuak iritsiko da, Oinkari dantza konpainiarekin eta Musikene eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleekin elkarlanean. Sustrai tradizionaleko doinuak eta koreografia zirraragarriak batzen dituen programa izango da, publikoari euskal tradiziora hurbiltzea eskainiz, egungo eta jai-giroko ikuspegitik. Egun batzuk geroago, azaroaren 26an, Klasikoen Txokora-ren txanda izango da, 1980ko hamarkadaz geroztik gero eta errepertorio zabalagoa osatu duen txistu eta piano formazioari egindako keinua. Oraingoan, Iñar Sastre piano-jotzailea izango du lagun Bandak, eta bere esperientzia ekarriko du, bai arlo klasikoan, bai jazzean.
Gabonak iristearekin batera, abenduaren 16an Campos Elíseos antzokiak Elur Malutak kontzertu korala hartuko du. Bertan parte hartuko dute Ahotsak Abesbatzak, Miren Bernaolak zuzenduta, Haur abesbatzak Maite Olmosek zuzenduta eta Bilbao Musikako txistu-ikasleek. Jon Gómez Garaik aurkeztuta, garai hauetako berotasuna eta espiritua piztuko dituzten pieza tradizionalak zein gaur egungo sorkuntzak eskainiko dira.
Urte berria Euskalduna Jauregian abiatuko da Kantaldia-rekin, urtarrilaren 21ean. Kontzertu parte-hartzailea izango da, non ikus-entzuleek Eider Zenarruzabeitiaren ahotsarekin batera abesteko aukera izango duten. Iñar Sastre teklatuan eta Amaiur Cajaraville baxuan lagun dituela, gauak betiko abestiak eta melodia garaikideak uztartuko ditu, giro bero eta hunkigarrian. Bestalde, inauteriek beren lekua izango dute Inauteri Soinuetan ikuskizunean, otsailaren 10ean Jauregiko Atrioan, Beti Jai Alai dantza taldearen laguntzarekin. Garai ezberdinetako jai-giroko irudietan zeharreko ibilbidea izango da, gitarra eta baxuaren laguntza instrumentalarekin osatua.
Programazioak martxoaren 3an jarraituko du Campos Elíseos antzokian, Txistua Algaraz lehen hezkuntzako 1. eta 2. zikloko ikasleei zuzendutako kontzertu didaktikoarekin. Anduriña Zurutuza clownak umorez eta hurbiltasunez gidatuko du emanaldia, txikienek txistuaren unibertsoa ezagut dezaten Bandaren beraren eta Eriz Pérez eta Amaiur Cajaraville bezalako musikari gonbidatuen eskutik. Denboraldia martxoaren 24an itxiko da Ei, txistulari! ikuskizunarekin, txistulari, abesbatzak eta dantzariak bilduko dituena. Euskal kulturaren eta tradizioen aberastasuna ospatzeko diseinatutako diziplina anitzeko proposamena izango da, denboraldiaren espiritua laburbilduko duena, melodia, koreografia eta antzerki-elkarrizketen artean.
“Olatuetan” zikloko kontzertu hauetaz gain, Bilboko Udal Txistulari Banda programazio arruntetik kanpoko emanaldietan ere arituko da. Horien artean, azaroaren 2an Iruñeko Kondestable Jauregian egingo duen saioa nabarmentzen da, non Haziak Eroan ikuskizuna eskainiko duen Oinkari dantza konpainiaren eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleen laguntzaz.
Era berean, taldeak izan ohi dituen gainerako konpromisoei ere eutsiko die, hala nola protokolo-ekitaldiak, inaugurazioak, edozein motatako ekitaldi ofizialak, harrerak, zeremoniak, ekitaldi tradizionalak eta herrikoiak, dianak, kalejirak, erromeriak, eta abar, bere programa eta formazioak edozein leku, une eta beharretara egokituz. Guztira, Bilboko Udal Txistulari Bandak urtero 120 emanaldi baino gehiago eskaintzen ditu.
2025-26 denboraldiko kontzertuei buruzko informazio zehatza www.bilbaomusika.eus webgunean kontsulta daiteke.
BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA
Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier García eta Peio Irigoien musikariek osatzen duten egungo Bilboko Udal Txistulari Banda, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, hasieratik nabarmendu da emanaldien kalitateagatik eta aniztasunagatik.
Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.
Bandak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.
Taldeko kide bakoitzari buruzko informazio zehatzagoa: https://labur.eus/1BbFw