Urriaren 16tik 21era, Euskal Zine Bilera zinema jaialdiaren 48. edizioa egingo dute, Lekeition, euskarazko ikus-entzunezkoen festibala.
Sail Ofizialean, hauek lehiatuko dira: Exergo (Jorge Moneo Quintana), Markelen Gurutzea (Alberto Bilbao Ariztimuño), Berandu (Lorea Azpeitia Anta), Eraman zutela (Mikel Balerdi Arruabarrena), Dear Death (Maddi Hernáez Susperregui), Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena), Xiberoa Kantuz Loraturik. Txoriekin hizketan (Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazo), Olentzerori Eskatu Nion (Amaia San Sebastian Larzabal), Kamarada (Jon Iñigo Hidalgo Gereñu), Planetagatik (Eneko Muruzabal Elezcano), Maritxu, nora zoaz? (Alex Altuna Tojal), Inkognita (Julen Gorosabel Ortega), Kume (Xabier Larrazabal), Arditurri (Ander Arrieta Odriozola), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz), Bidean (Imanol G. Gurrutxaga), Ziklope (Xabat Lertxundi Aiertza), Dinosaurioak (Koldo Almandoz) eta Azkena (Ane Inés Landeta eta Lorea Lyons).
Film onenak Urrezko Antzara jasoko du (3.000 euro), zuzendaritza onenak eta gidoi onenak Zilarrezko Antzarak (1.600 euro), 2001etik aurrera jaiotako zuzendarien film onenak Benito Ansola saria (1.000 euro) eta ikus-entzuleek aukeratutako lan batek, EITB Ikusleen saria (750 euro).
Film, zuzendari eta gidoi onenen irabazleak aukeratzeko ardura Itziar Atienza aktoreak, Beñat Sarasola idazleak eta Miren Aperribay zuzendari eta banatzaileak osatutako epaimahaiak izango du.
Sariak urriaren 18an banatuko dituzte, eta, lehiaz haratago, Karmele Asier Altunaren filmaren emanaldiak izango dira hilaren 17, 19 eta 20an, Akelarre, marearen contra Akelarre taldeari buruzko dokumentalarena urriaren 19an (12:00) eta Txilarreko sukaldaria ETA bukatzeko bidean Elgoibarren PSEko eta Ezker Abertzaleko kideen artean izan ziren elkarrizketei buruzko lanarena, urriaren 21ean (19:00).
Horrez gain, jaialdiak urtero egiten duen Euskal Zinearen Begirada omenaldia aurten Pantailak Euskaraz ekimenari eskainiko diote.