Gaia:
Lurzoruaren azpian bizi den fauna begibistan ez dago, eta horregatik ezezagun xamarra da kaleko jendearentzat. Espeleologian, jakina, izaki hauekin kontaktu handia izaten dugu.
Horretara, hitzaldi honetan gure jardunean bildutako informazio, irudi eta jakingarriak ekarriko ditugu, ondarrutarrok ilunpetan bizi diren «auzokide» hauek ere ezagutu ditzazuen. Horretarako, latin gutxi eta kaleko berba asko erabiliko dugu: edozeinek ulertzeko moduko hizkera, alegia.
Lurpeko fauna Ondarruko zoru klase guztietan aurki dezakegu; baina espeleologook nagusiki kareharri eremuak ikertzen ditugunez, gure hitzaldian Gorozika auzoak protagonismo berezia hartuko du
Hizlaria:
Oier Gorosabel Larrañaga. Espeleologian 2005ean hasi zen. Harrezkero, bere taldeko kideekin batera, Lea-Artibai eta Urdaibaiko lur azpia ikertzen aritzen da geologia, antropologia eta biologia arloetan.
Ia asteburuero esploraturik gabeko eremuetan sartuz, azken 20 urtean aurkikuntza askoren lekuko izan da: gehienak txikiak, batzuk handiak.
ADES barruan historia eta biologia arloak jorratzen ditu nagusiki; eta espeleologoen, beste espezialisten eta Administrazioaren arteko harreman korapilatsua ere interesatzen zaio.
Gai hauekin lotutako hainbat artikulu, komunikazio eta bi liburu argitaratu ditu.