Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Kultura garaikideko ikastaroa 2025: «Bilakabideak eta premiak. Zinema eta mundua. Garaikidetasuna ikus-entzunezko kulturan»

noviembre 3 - noviembre 5

Zinema, arte-adierazpena den aldetik eta ez bakarrik entretenimendu hutsa, oso tresna baliotsua da munduari buruz hausnartzeko. Filmak egiazkoaren ispilu izan daitezke eta, hala, ahaltsuak eta esanguratsuak dira «bilakabideak eta premiak» (politikoak, sozialak, ekonomikoak, filosofikoak, ingurumenekoak…) islatzeko, zeinak gero eta azkarragoa, zaratatsuagoa eta arduragabeagoa den geure orain hau ezkutatzen baitute. Zinemak hausnarketa poliedriko, ireki, aberats eta heterodoxorako bidea irekitzen digu, eta, batzuetan, aldaketarako funtsezko eragilea izan daiteke.

Ikastaro honetan, gure garaiko erronkarik premiazkoenetako eta segur aski konplexuenetako batzuetan sakontzea proposatzen da, gaur egungo ikus-entzunezkoen joerarik berrienetako batzuen bidez. Hainbat gai jorratuko dira, hala nola gerraren ezereza, izugarrikeria eta hutsalkeria, eta, horretarako, zinema-zuzendari palestinarren kasu zehatz eta berezia aztertuko dira; edota landuko da zer-nola erakutsi diren film jakin batzuetan queer-pentsamenduak ibili dituen bideak identitate indibidual eta kolektiboen eraikuntzan eragiteko. Horrez gain, antropozentrismoa (eta gizakiak naturarekin duen harremana) auzitan jartzeari buruz lanean ari diren teorietako batzuei helduko zaie, lan zinematografikoetatik eta bideoartistikoetatik abiaturik, eta orobat begiratuko da nola eragiten ari zaion adimen artifiziala irudiaren ontologiari, gai arras funtsezko batzuk zalantzan jartzeko, hala nola artistaren eta artelanaren ideia edo are benetakoaren ideia eta «egia» deitzen dugun hori.

Zinema, hemen, analisirako tresna pribilegiatua da, balio baitu ulertezina den horretara hurbiltzeko eta problematika horietako asko agerian jarri eta argitzeko. Baliteke, agian, zinema norbere buruari aterpe emateko tokia ere izatea.

LEKUA ETA ORDUA

2025eko azaroaren 3, 4 eta 5a.

Nafarroako Museoa.
Ekitaldi aretoa.
18:00-21:00.

ARGIBIDE GEHIAGO ETA IZEN-EMATEA

Matrikula Museoaren bulegoetan aurrez aurre egiteko aukera mantentzen da, 10:00etatik 14:00etara. Ordainketa eskudirutan egin beharko da.

ZUZENTZAILEA

Yara Yañez. Caimán Cuadernos de Cine aldizkariaren zuzendaria da 2022ko urtarriletik, eta argitalpen horretan lan egin du, 2007an Cahiers du cinéma. España izen pean sortu zenetik. Gainera, 2014az geroztik, irakasle dihardu Zinema Kritikako Masterrean (ECAM), eta TVEren Historia de nuestro cine programaren ohiko kolaboratzailea da.

TARIFAK

Normala: 25 €.

Murriztua: 12 €. Nafarroako Museoaren Adiskideen Elkarteko eta museoen beste elkarte batzuetako kideak, kultura kudeatzaileak eta boluntarioak, Esperientziaren Gelako ikasleak, ikasleak, 65 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak.

Doakoa: langabeak (25 gehienez).

Harremanetarako telefonoa zalantzak argitzeko eta kontsultak egiteko: 948 29 13 31, goizeko 10:00etatik 14:00etara.

Matrikula-epea urriaren 17an, ostiralean, hasiko da.

Programa

Izen-ematea

Local

Nafarroako Museoa
Cuesta de Santo Domingo, 47
Pamplona/Iruña, Navarra 201 España