Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Developpe Dantza Nazioarteko Lehiaketa 2025

enero 22, 2026 - enero 25, 2026

Bilboko BBK Sala, datorren urtearen hasieran, nazioarteko dantzaren gune izango da beste behin, urtarrilaren 22tik 25era bitartean egingo den Nazioarteko Developpe Dantza II. Lehiaketaren eskutik. Lehiaketa hori Developpe Dantza Elkarteak antolatu du eta BBK-k, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dute. 2026ko edizioan jardunaldi eta sari gehiago egongo dira eta jarduera gehiago antolatuko dira aldi berean; hortaz, dantza klasikoaren esparruan erreferente gisa sendotuko da. Hala, Developpe Dantza Lehiaketak, bigarren urtez jarraian,  konpromiso hau berretsi du: “dantza klasikoko talentu gazteak –10 eta 19 urte bitartekoak– aurkitzen jarraitzeko” eta, nazioartean entzutetsu diren ikastegietako beka eta egonaldien eta diru-kopuruen bidez, “haien jardunbidea bultzatzen laguntzeko”.

“Gure helburu nagusia da mundu osoko ikasleak, profesionalak eta ikastegiak elkartu daitezen, eta lehiaketa dantzarien belaunaldi berrien garapen profesionalerako plataforma izan dadin”, laburbildu dute gaur, aurkezpen-prentsaurrekoan, Igor Yebra bilbotar dantzari ospetsuak eta Olaeta Ballets Elkarteko zuzendari Jone Goirizelaiak, lehiaketaren sustatzaile den elkarteko ordezkari direnek. Gaur goizeko ekitaldian, halaber, Nazioarteko Developpe Dantza Lehiaketa sortu zenetik hura bultzatzen duten hiru erakundeetako ordezkariak izan dira: BBKren Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasola, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusi Begoña de Ibarra Zuazo eta Bilboko Udaleko Kultura Saileko zuzendari Iñaki López de Aguileta. Hirurek adierazi dute dantzak duen garrantzia “hizkuntza unibertsal eta bateratu gisa”, lehiaketaren leloak jaso duen bezalaxe.

Lehiaketaren bigarren edizioan, 2026ko urtarrilekoan, hainbat  berritasun egongo da, hala nola sari berri bat, Lifar Saria, sortu izana; hala, kategoria berezi bat sortu da, eta hori urtarrilaren 22an, hots, hasiera-egun osoan, izango da. Sari horrek Serge Lifar dantzari eta koreografoa omentzen du –hiru hamarkada inguruz, Parisko Operako Balleteko lehen dantzari eta zuzendari izandakoa–, bere heriotzaren 40. urteurrena dela eta. Lifar Fundazioaren laguntza izango du sariak, 3.000 euroko diru-kopurua ere, eta Charles Jude dantzari eta koreografoak zuzenduko du. Charles Jude fundazio horretako presidentea da, baita Parisko Operako izarra eta Nureyev Fundazioko Zuzendaritza Kontseiluko kidea ere.

Lehiaketan ohiko kategoria indibidualak egongo dira: Haur kategoria (10 eta 12 urte artekoak), Junior kategoria (13 eta 15 urte artekoak) eta Kategoria nagusia (16 eta 19 urte artekoak). Eta, lehenengo edizioan bezala, taldeentzako bi sari berezi izango dira, beste estilo batzuetara irekiak eta adin mugarik gabe: Multzo Librea eta Euskal Dantzaren Multzoa. Garaikurrak eta diplomak ez ezik, guztira 12.000 euro ere banatuko dira saritan irabazleen artean, bai eta hainbat beka eta egonaldi ere Espainiako, Europako eta Amerikako ikastegi entzutetsuetan: María de Ávila Goi Mailako Dantza Kontserbatorioa (Madril), Corella Dance Academy (Bartzelona), Dantza Konpainia Nazionala (Madril), Alberta Ballet (Kanada), Sodreko Ballet Nazionala (Uruguai), Academie Internationale d’Été (Niza) eta Jude & Mikhaelev Ballet Academy (Bordele), besteak beste.

Developpe Dantza Lehiaketaren bigarren edizioko epaimahaia nazioarteko talde profesional batek osatuko du berriz ere, Jude epaimahaiburu izango duenak. Gainerako epaimahaikideak hauek izango dira: Muriel Romero (Dantza Konpainia Nazionaleko zuzendaria), Leire Ortueta (Royal Balleteko dantzaria eta Royal Ballet Schooleko irakaslea), Mónica Zamora (Birmingham Royal Balleteko dantzari nagusia) eta Mikel Gonzalez Pujana (Bizkai Folklore Taldeko kidea). Horiekin batera, Jesús Vallinas dantza-argazkilari aditua, zeinak beste sari berri bat emango duen: Irudi Eszeniko Onenari. Sari-banaketako ekitaldia azken egunean izango da, urtarrilaren 25ean, igandea, arratsaldean (goizean finala izango da), eta ekitaldian dantzari profesional gonbidatuen emanaldiak izango dira. Urtarrilaren 22tik 25era bitartean, lehiaketako jarduera guztietarako, sailkapen-faseetatik hasita amaiera-ekitaldira arte, txartelak egongo dira eskuragarri, jendeak ere parte har dezan. “Dantza gizarte osoari hurbiltzeko” asmo bera izanda, BBK Salako atondoan hainbat estilotako eskola magistralak izango dira egun horietan, lehiaketan parte hartzen ez dutenentzat (14 urtetik gorakoentzat).

Badago zabalik Nazioarteko Developpe Dantza II. Lehiaketan izena emateko epea, 2026ko urtarrilaren 15era arte. Baina, lehenago, aurtengo abenduan, antolatzaileen esanetan “Developpe Dantzaren mamia lehiaketaren egun zehatzetatik haratago hedatzea” xede duten jarduerak izango dira. Hala bada, abenduaren 9an, Aukeran konpainiak “Aiurri” pieza aurkeztuko du Bilboko BBK Salan. Ikuskizunean hamar bat dantzari arituko dira, Edu Muruamendiarazek zuzenduta, Xabi Aburruzagaren musikaren erritmora. Halaber, abenduaren 15etik 19ra bitartean, BBK Kunan Serge Lifarri buruzko (Ukraina, 1905-Suitza, 1986; frantses nazionalizatua) erakusketa bat izango da. Lifar dantzaria, koreografoa, maisua eta ballet klasikoaren ikertzailea da, funtsezko figura dantzaren historian, eta, besteak beste, Frantziako eskola berritzen lagundu zuena. Erakusketa horretan (sarrera doan) hainbat objektu egongo dira ikusgai (argazkiak, agiriak, jantziak…)., Lifarren jardunbidea eta nazioartean duen eragina ezagutarazteko.

Nazioarteko Developpe Dantza II. Lehiaketari buruzko argibide gehiago, oinarri osoak eta izen-emateak, hemen eskuragai: www.developpedantza.eus

Local

BBK Aretoa
Kale Nagusia, 19-21
Bilbao, Bizkaia 020 España