
2025eko Aitzina Folk jaialdiaren barne.
Ikuskizun honetan euskal musika bestelako estiloekin uztartuko da. Txalaparta, alboka, txistua, panderoa, ahotsa… oholtza gainean izango dira, baina soinua ez da ohikoa izango. Izan ere, melodia tradizionaletatik abiatuta, bertsio deigarri eta ausartak entzun ahal izango dira kontzertu honetan.
Batetik, Juan Mari Beltran eta Ander Barrenetxea izango ditugu, euskal musikan azpimarratu beharreko izenak biak ala biak. Bestetik, Fanny Desk bikotea ere bertan izango da. Azken urteetan, musika klasikoaren aldaerekin lanean ari dira, eklektizismoa kanta herrikoiekin uztartzen dutelarik.
Izan ere, herri musika bizitzeko eta gozatzeko modu berriak eskaini nahi ditu proiektu honek. Horrekin batera, musika tradizionalaren eta gaurkotasunaren arteko zubiak eraikiko dira, asko baita gure musika tradizionalak gaurko munduaz esateko duena.
Kontzertuan, hitzen bidez, musikariek ikusleekin etengabeko elkarrizketa sustatuko dute, publikoa ikuskizunaren partaide bihurtuko delarik.