Cargando Eventos

« Todos los Eventos

Jazzaldia 2026: Diana Krall

julio 26

2026eko Jazzaldiaren barne.

Diana Krall, zalantzarik gabe, Jazz garaikideko figura garrantzitsu eta maiteenetakoa da. Pianorako duen sentsibilitate apartak, ahots bero eta iradokitzaileak, berezkoa duen dotoreziak eta tonu intimista paregabeak artista unibertsal bihurtu dute. Azken hamarkadetan, Jazzarekiko begirunea ikuspegi moderno eta pertsonalarekin uztartzen jakin du Krallek, eta oso leku berezian kokatu da, Jazz klasikoaren eta musika herrikoiaren artean.

Nanaimon jaio zen, Columbia Britainiarreko (Kanada) hiri txiki batean. Lau urte zituela hasi zen pianoa jotzen, eta hamabost urterekin tokiko jatetxe batean jotzen zuen dagoeneko. Bere aitak, pianozale amorratuak, ondo ezagutzen zituen Fats Waller, James P. Johnson eta Earl Hines bezalako figurak, eta berarengandik jaso zituen aurreneko eraginak musikaren arloan. Beka bati esker, Bostongo Berklee College of Music ospetsuan trebatu zen, eta nazioarteko agertokietara eramango zuen ibilbide bati ekin zion laster.

Berkleetik igaro ondoren, Krall Los Angelesera joan zen, eta han Jazzaren izen handienetako batzuekin harremanetan jarri zen, tartean Ray Brownekin —bere mentorea eta kolaboratzailea bere hasierako proiektuetan—, John Claytonekin edo Jimmy Rowlesekin. 1993an, lehenengo albuma argitaratu zuen, Stepping Out, eta handik gutxira lankidetza emankorra izan zuen Tommy LiPuma produktore ospetsuarekin. Harekin bere ibilbideko disko gailenetako batzuk grabatu zituen: All for You (1995), Love Scenes (1997), When I Look in Your Eyes (1998), The Look of Love (2001) eta Live in Paris (2003).

Nazioarteko ospea When I Look in Your Eyes lanarekin iritsi zitzaion. Albumak urtebete baino gehiago eman zuen Billboardeko Jazz zerrendako lehen postuan, bi GRAMMY® sari irabazi zituen eta Urteko Albuma izateko izendatu zuten. Harrezkero, Diana Krallek ibilbide sendoa eta koherentea jorratu du, bere konposizioak eta estandarren berrinterpretazioa uztartuta, betiere zeharo musikala den ikuspegi pertsonal eta dotore batetik.

Krallek, behin baino gehiagotan Jazzaldian arituak, bikaintasun artistikoaren bilaketa, tradizioarekiko begirunea eta sentsibilitate berriekiko irekitasuna ditu ezaugarri. Bere musika beti da sotila eta fina, eta generoak gainditu eta askotariko publikoekin konektatzen du, interpretazioan nabari zaion zintzotasunagatik ez ezik, emanaldi bakoitzean transmititzen duen berotasun emozionalagatik ere.

Hamabost milioi disko baino gehiago salduta eta nazioarteko sariez betetako ibilbidearekin, Jazzaren erreferentzia eztabaidaezina izaten jarraitzen du Diana Krallek.

 

Local

Tabakalera eta Kursaal
Donostia / San Sebastián, Gipuzkoa 069 España