
2022an Tene Mujika beka irabazi zuen Anderik Ande proiektuarekin, eta egitasmo horren baitan, Hego Amerikan egin zuen bidaia. Kolonbian izan zen bi alditan, eta egonaldi haien ondotik osatu du Jon Artano kazetari zestoarrak Juana eleberria.
Juana Perea Plata 1937an Bilbotik Bogotara ihesi joandako euskal familia batean jaio zen. Nerabetan etxetik alde egin zuen abentura bila Karibera, eta urpekaria izan zen, marinela, pirata… Ezarritako arauak haustea eta mugak zeharkatzea zuen gustuko, eta 2020ko urriaren 29an hil zuten.
Juana nor zen eta zergatik hil zuten ulertzeko, krimena gertatu zen tokira egin zuen bidaia Artanok 2022an, eta emakumearen eta haren familiaren historia jaso du lanean. Gerra garaiko Bizkaia eta egungo Kolonbiako ingurune basatia zorroztasunez kontatu ditu.