
Joseba Irazokik oso kontzertu berezia prestatu du bere azken lana, “Gitarra Lekeitikoak” (Gitarra Onomatopeikoa II), aurkezteko birari amaiera emateko. Lagun musikariekin arituko da, eta hauek osatuko dute banda: Felix Buff (bateria), Amorante (tronpeta, harmonium), K lepo (elektronika) eta Lutxo Neira (kontrabaxua). Kontzertuak, sorpresaren bat edo beste barne, publikoari leku arruntak ez direnetara bidaiaraziko dio, baina etxean bezala sentiaraziko diotenak; bere unibertsoaren leihoak zabal-zabalik irekiko dituzte, zintzo eta zuzen agertzen den mundu hori, euskal folklorearen tradizioak, mundu anglosaxoiak, esperimentazioak eta, kasu honetan, baita jazz garaikideak ere guztiz bustitzen dutena.