
2022ko KIMUAK sortan hautaturiko Contadores film laburra oinarri hartua, Irati Gorostidi Agirretxe zinemagile nafarrak ARO BERRIA aurkeztu du 73. Donostia Zinemaldiko New Directors atalean. Ultzamako bailaran (Nafarroa) finkatutako Arco Iris komunitate libertarioaren jaiotza ezagutuko dugu bere opera priman, erretratatzen duen testuinguru historikoari buruzko hausnarketa kolektiboa eskainiz.
Zinemagileak ikerketa prozesu luze baten ondorioz aurkitutako artxiboko irudien birsorkuntza fidela proposatuko du filmak, iraganari begiratuz etorkizuna aldatu daitekeela sinetsiz. Hala, ariketa meta-zinematografikoa bere gain hartuko du filmak, normatibotasunetik alde eginez, istorioan jorratuko diren eztabaidak zinemaren lengoaiara ekarriz.
Contadores bera ez da zuzenean lan berrian bere horretan txertatuko, film laburra birformulatu egingo du Gorostidik, testuingurua, hori bai, mantenduz. 1978an, metalaren hitzarmen berri baten negoziazioekin abiatuko da ARO BERRIA, eta bisualki ere garai hartara eramango gaitu. Fikziozko pelikula bada ere, badu trazu dokumental indartsu bat, Jean-Luck Godardek bere etapa militantean burututako obren itxura hartuko duena, langile mugimenduaren zein sindikatuen borroka erdigunean jarriz.
Desilusioa nagusi, langileek haratago joan nahiko dute, printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuaz hitz eginez. Hala, nolabait, Pier Paolo Pasolini polemikoaren itzala ere nabari da Gorostidiren opera priman, hain zuzen ere, Salò o le 120 giornate di Sodoma (1975) eskandalagarriarena. Italiarraren obrak faxismoa eta burgesia zuzenean, filtrorik gabe, kritikatu zituen, Salóko Errepublikan gertatu ziren basakeriak kontatuz. Gorostidik, bere aldetik, bestelako gizarte-eredu tradizionalak jarriko ditu jo-puntuan.
Bada, Salò o le 120 giornate di Sodoma aipatzea ez da kasualitatea, Pasoliniren filmean giza gorputzek izango duten biluzte esplizitua gogora ekarriko baitigu ARO BERRIAk. Giza gorputzaren askapenaz, sexu praktikez, abortuaren aukeraz eta familia ereduen deseraikitzeaz jarduteko espazio gisa erakutsiko du Arco iris komunitatea, benetako iraultza sozialki aurrez ezarritakoarekin haustea dela aldarrikatuz.