
Ziza Folks Gasteizko musika taldea da, folk musikarekiko maitasun sakonetik sortua. Maialen Fernandez, Miren Eeles eta Ane Belen Ruiz musikariek osatzen dute hirukotea. Taldekideek musika klasikoko prestakuntza sendoa izateaz gain, herri-tradizioekiko lotura handia dute. Ziza Folks taldeak iberiar folkloreko kantu tradizionalak eta kantu zeltak bertsionatzen ditu, baina bere errepertorioa sustrai ezberdinetako eraginekin aberasten da: euskal eta galiziar musikatik hasi eta Eskozia, Bretainia eta Irlandako soinuetaraino. Kulturen arteko bidegurutze horretan, espazio libre eta abegitsua bilatzen dute hango eta hemengo musika sentsibilitate handiz adierazteko.