
Femmm lau emakume gazte buru dituen ahots-taldea da. Ahots-laborategi gisa definitzen dute proiektua: izan ere, musika-formakuntza arautuan ikusi zuten hutsune bat betetzeko beharretik sortua da. Laborategi honek harmonia eta koloreen bilaketan jartzen du fokua, jazzaren eta poparen arteko nahasketa izanik honen emaitza.
Errepertorioaren zati bat a capella izan arren, zuzenekoetan musikari bikainen laguntza dute: Daniel «Donny» López pianoan, Cristina Pascual baxuan eta Iker Hernández baterian. Taldeak 2024ko martxoan debuta egin zutenetik ibilbide luzea egin du gaur egungo jazzaren eszenan: besteak beste, Donostiako, Getxoko eta Gasteizko Jazzaldien parte izan dira.