
Idazle: Mikel Etxaburu
Ahotsa: Nerea Zuloagai
Akordeoia: Jon Gardoki
Biolina: Irina Álvarez
MANTTALINGO ALABA
Oroitzen dugun hori gara. Oroitzen ez dena ez baita inoiz gerta; ez bizi, ez hil.
Gela hezeetan gertatukoak gure gogoan oihartzun egin dezan idatzi eta kantatuko dugu. Oroituko ditugu Saturrarango kartzelan ito ziren emakumeen ekaitzak eta labarrak.
Orain udatiarrek autokarabanak aparkatzen dituzten toki berean egon ziren gatibu 4.000tik gora emakume. Itsasoak denen izenak dakizki. Banaka-banaka oroitzen ditu han hil ziren 166 andra, haur eta gazte. Oroitzen ditu errudun sentitzen delako, ez zelako oldartu arroken kontra, eta horren ordez, hildako haurren izenak ezabatu zituelako, olatuz olatu eta malkoz malko. Manttalingo alaba poema liburua oinarri hartuta, haien izenak ikasiko ditugu.
Oroitzen dugun hori garelako, eta oroitzen ez dena ez baita inoiz gerta; ez bizi, ez hil.
Emanaldian zehar gure herria zeharkatu eta zartatu zuen gerra zibileko girora hurbilduko gara garaiko melodien bidez. Akordeoiaren olatu artean dantzatuko gara, Saturrarango hondartzaren edozein itsasgoretan bezala. Eta bibolinaren soketatik zintzilikatuko ditugu kartzela bustian idatzitako poemak. Baina batez ere, kantatu egingo dugu, elkarrekin elkarrentzat. Agian Manttalingo alaba ere gehituko zaigu entzuten gaituenean.